Espainiako Auzitegi Goreneko 61 Salak EAE-ANVk eta EHAK-k beren erakundeetako taldeen desegitearen kontra aurkeztutako alegazioak aztertzea erabaki du erabakia hartu aurretik. Zehazki, hamar eguneko epea eman die ANVren 125 udal taldeei eta EHAKren Eusko Legebiltzarreko Ezker Abertzalea taldeari desegitearen kontra dituzten arrazoiak aurkez ditzaten. Horiek jaso ondoren erabakiko du Gorenak talde horien guztien desegitea onartzen duen, Estatuaren Abokatuak eskatu bezala.
Badaezpada hartu dute neurri hori Goreneko epaileek, "berme handiagoa" emateko. Izan ere, Batasunaren Eusko Legebiltzarreko taldea desegiteko alegazioak jaso gabe erabaki zuen Gorenak, eta ondoren, Auzitegi Konstituzionalak auzitan jarri zuen prozedura hori. 61 Salako 16 epaileetatik 15ek alegazioak jasotzearen alde egin dute; aldiz, Manuel Marchenak boto partikularra eman du, urrats hori egin gabe desegitea agindu zitekeela argudiatuz.
Nolanahi ere, ANVren eta EHAKren ondasunak likidatzeko agindua eman du gaur Gorenak, eta horrenbestez, beste urrats bat egin du ilegalizazio epaia gauzatzeko. Bi alderdi horien izenean dauden kontu guztiak eta jaso ditzaketen dirulaguntza guztiak bahitzeko agindu du.
Irailean utzi zituzten legez kanpo ANV eta EHAK, eta orduan Alderdi Politikoen Erregistrotik ezabatu z¡tuzten.
Politika
Gorenak hamar eguneko epea eman die ANV eta EHAKren erakundeetako taldeei beren desegitearen kontrako alegazioak aurkez ditzaten
125 udaletan du ordezkaritza EAE-ANVk eta Eusko Legebiltzarrean EHAK-k. Guzti horiek desegiteko eskatu dio Gorenari Espainiako Estatuaren Abokatuak, baina erabakia hartu aurretik talde horien kontrako arrazoiak jasotzea erabaki du. Nolanahi ere, alderdi bien ondasunen likidazioa agindu du, ilegalizazio epaian beste urrats bat gauzatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu