Gorenak hauteskunde kanpainara atzeratu du ASB legez kanporatzeari buruzko erabakia

Abertzale Sozialisten Batasunaren defentsak ahozko saioa egitea eskatu du eta epaileek onartu egin dute. Maiatzaren 16an izango da, kanpaina hasita dagoela. Goreneko 61eko salako 16 epaileak gaur hasi dira auziari buruz batzartzen. Espainiako Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak eskatu zuten ASB ilegalizatzeko, Batasunarekin lotura duela argudiatuta.

2007ko apirilaren 24a
17:16
Entzun
Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko salako 16 epaileak gaur goizean hasi dira Abertzale Sozialisten Batasuna (ASB) legez kanpo uzteko edo ez erabakitzeko biltzen, baina erabakia ez dute orain hartuko, hauteskunde kanpainara atzeratu dutelako. Izan ere, ASBren defentsak ahozko saioa egitea eskatu du, ASB Batasuna legez kanpoko alderdiaren oinordeko ez dela frogatu asmoz. Eskaera hori onartu egin dute epaileek, eta maiatzaren 16rako jarri dute ahozko saioaren hitzordua; hots, maiatzaren 27ko udal eta foru bozetako kanpaina hasita dagoela.

Parte denak aurkeztu beharko dira orduan, eta bakoitzak bere frogak erakutsiko ditu. Espainiako Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak eskatu zuten ASB ilegalizatzeko, Batasunarekin lotura duela argudiatuta. Izenean 'Batasuna' ageri dela eta sortzaileen artean indar politiko horretako buruzagiak daudela argudiatu dute.

ASBren defentsak atzo aurkeztu zituen legez kanporatzearen kontrako alegazioak. Nagusiki, ASBren kontrako auzibidea Espainiako Konstituzioaren aurkakoa dela argudiatu du. Hain zuzen ere, Konstituzioaren arabera, erregistratutako alderdiak soilik ilegaliza daitezke, eta ASBren kasuan Espainiako Barne Ministerioak bertan behera utzi zuen erregistratzea. Ahozko saioa eskatu zuen hori guztia defenditzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.