Gorenaren erabakiari men egingo dio Fernandez Diazek

Auzipetuak askatzeko exijitu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta «egonezina» amaitzeko eskatu du Jaurlaritzak

Erredakzioa
2012ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Auzitegi Gorenaren erabakia bat edo bestea izan, hari men egingo dio Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak. «Barne Ministerioak ez du ezer esateko. Bakarrik esan dezaket Auzitegi Gorenaren erabakiari men egingo diola, beti bezala», azpimarratu du Fernandez Diazek, Espainiako Kongresuko korridoreetan eginiko adierazpenetan.

Auzitegi Gorenean gaur egingo den saioa hizpide izan dute instituzioek eta bertako agintariek. Espainiako Barne ministroak ez ezik, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere egin dituzte auziari buruzko adierazpenak.

Komunikabideetara igorritako ohar batean, Gipuzkoako Foru Aldundiak bost auzipetuak aske uzteko eskatu du. Instituzio horren arabera, espetxean dauden bost auzipetuek «zuzeneko inplikazioa» izan zuten egungo garai politiko berria abiarazteko. «Lan politikoa egiteagatik atxilotu zituzten. Ziklo aldaketa ekarri duen lan politikoa egiteagatik, hain zuzen ere», nabarmendu du.

Foru Aldundiak gogora ekarri duenez, azken hilabeteetan «aldaketa politiko sakona» izan da Euskal Herrian. Hamarkadetako ziklo armatua atzean utzi eta bide politiko eta demokratikoetan sakonduz «etorkizun aske bat» eraikitzeko nahia agertu dute euskal herritar ugarik, aldundiaren irudiko: «Bide hori atzeraezina da,eta abian da», esan du, eta gaineratu du bide horretan «ekarpen erabakigarria» egin zutela Otegik, Diezek, Jacintok, Zabaletak eta Rodriguezek. «Horrenbestez, ez euskal herritarren gehiengoak, ezta nazioarteko iritzi publikoak ere ez du ulertzen eta onartzen Bateraguneauzian zigorra jaso eta espetxean egotea». Era berean, aldundiaren irudiko, ez da onargarria Espainiako Estatuak «urrats positiborik» ez egitea konponbiderako bidean.

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako eledunak, berriz, espero du Auzitegi Gorenaren epaia «azkar» ezagutzea eta, modu horretan, auziaren inguruan dagoen «egonezinari» amaiera ematea. Mendiaren arabera, «gehiegi luzatzen den justiziak bidezkoa izateari uzten dio».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.