Ines del Rioren kasu berean dauden presoen abokatuek argi daukate doktrina indargabetu eta preso horiek aske uztea Espainiako Auzitegi Nazionalari dagokiola. Hango Zigor Salako epaileek ere ez dute zalantzan jarri halakorik orain arte, eta eskaerak banaka aztertzeko ostiralero bilerak egitea erabaki zuten, harik eta kasu guztiei buruz erabakiak hartu arte.
Helegiteak Gorenean eta Konstituzionalean dituzten presoen auziak Auzitegi horien esku uztea ere erabaki zuten. Baina orain, sisteman aldaketa bat egitea proposatu die Zigor Sala osatzen duten gainerako epaileei salako buru Fernando Grande-Marlaskak. Gorenak hartzen duen erabakiaren zain egoteko aukera mahai gainean jarriz gutun bana igorri die epaileei.
Goreneko epaileak hilaren 12an dira biltzekoak auziaz hitz egiteko; Auzitegi Nazionalekoak 8an, ostiral honetan. Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako epaileek bilera egin egingo dute ostiralean, baina ikusteko dago erabakiak hartzen hasiko diren, edo Gorenaren irizpideen zain geldituko diren.