Torturaren Aurkako Taldeak gaur jakinarazi duenez, Gorka Lupiañez durangarren atxiloketan parte hartu zuten bost guardia zibilek Bilboko 2. Instrukzio Epaitegian deklaratu zuten atzo, tortura salaketen harira. 2007ko abenduaren 6an atxilotu zuten Lupiañez, eta inkomunikazio aldiaren ostean kolpe ugari eman zizkiotela, poltsa jarri ziotela, biluzturik izoztutako hotza bota ziotela, makil batekin bortxatu zutela, elektrodoen simulazioa egin ziotela, bañera, mangera batekin ura ahoan eta sudurrean sartu ziotela, pistola ahoan sartu ziotela eta zakila eta barrabilak soka batekin lotu zizkiotela salatu zuen.
TATek esan duenez, lehen unean Bilboko epaitegiak ikerketarik abiatu gabe artxibatu zuen salaketen auzia. Kasua berriro ireki ondoren, ordea, guardia zibilei deklarazioa hartu die, eta orain auzi medikuari eta ofiziozko abokatuari lekuko gisa deklaratzera deituko ditu. Torturaren aurka lanean segitzera deitu du TATek euskal gizartea, eta bereziki eragile politiko, sindikal eta sozialei konpromiso zehatzak hartzeko eskatu die.
Amaitzear dagoen urteari dagokionez inkomunikazioa jasan duten 79 atxilotuetatik 63k tortura salatu dutela dio TATek, 14 Ertzaintzaren eskuetan, 23 Espainako Poliziaren eskuetan eta 26 Guardia Zibilaren eskuetan. 63 horietatik, gainera, 46 Fernando Grande-Marlaska epailearen agindupean atxilotutakoak izan dira. Epaile horrek Segiren aurka 2009ko azarotik egin dituen operazioetan atxilotu eta inkomunikatutako 58etatik 53k torturak salatu dituztela gaineratu du, eta kasu guztietan torturaren aurkako protokoloa ezartzea ukatu ziela.
TORTURA
Gorka Lupiañezen atxiloketan parte hartu zuten bost guardia zibilek tortura kasuengantik deklaratu zuten atzo
Torturaren Aurkako Taldeak jakinarazi duenez, aurten inkomunikazioa ezarri zaien 79 atxilotuetatik 63k torturak salatu dituzte. Azken urtean Segiren aurkako operazioetan inkomunikatuak izan diren 58etatik 53 salatu dituzte torturak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu