Tortura

Gorka Mayo: "Espainiak egin dituenak onartzeko garaia du"

Beortegiren tortura salaketa ontzat eman duen epaiaren balorazioa egin dute gaur arratsaldean harekin batera 2011n atxilotu zituztenek.

2016ko ekainaren 2a
08:55
Entzun

Espainian torturatzen dela ozen esan du berriz ere Xabier Beortegik. “Nire kasuaren ebazpena epai sendoa da; tortura salaketen aurrean beste alde batera begiratzeagatik zigor berria. Eta zortzi dira dagoeneko”. Agerraldia egin dute gaur arratsaldean Atarrabian. 2011n Ekinen aurkako sarekadan atxilotutakoez gain, Lorea Bilbao abokatua, Atarrabiako alkatea, hainbat herritar eta Mikel Zabalza Gogoan plataformako kideak ere han izan dira.

Besarkada eta zorion hitzen artean hartu dute Beortegi herritarrek. Hitzartzean gogorarazi du auzi bereko bi kideren tortura salaketak sinesgarritzat jo dituela Torturaren Prebentziorako Europako Komiteak (CPT). “Zer gehiago gertatu behar da Espainiako Estatuak eta Guardia Zibilak torturatuak izan ginela onar dezaten?”

Gorka Mayo izan zen sei atxilotuetako bat. Victor Madrigal Torturaren Biktimak Birgaitzeko Nazioarteko Batzordeko idazkari nagusiaren hitzak berreskuratu ditu. “Hark esan zuen soilik tortura salaketak arduraz ikertzen dituen estatu bat dei daitekeela demokratikoa. Bada Espainian kalitate oso baxuko demokrazia dago”. Azaldu du azken berrogei egunetan bederatzi pertsona atxilotu eta udaletxe bat mehatxatu dituztela torturak salatzeagatik. “Estatuak ezin du bere ardura saihestu tortura salaketak kriminalizatzen saiatuz. Egin dituenak onartzeko garaia du”.

Lau eskaera argi egin dituzte: Espainian tortura erabili dela onartzea, Nafarroan zenbat kasu egon diren ikertzea, herritarrek zigorgabetasunaren aurka borrokan jarraitzea eta Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Carmen Albak dimititzea. Mayo: “Hori da torturarekin amaitzeko berme bakarra”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.