Demoak

Gorka Torrek bere etxean sartu ahal izan du, eta ondasun guztiak bahituta dituela adierazi diote

Gorka Torrek bere etxean sartu ahal izan du arratsaldeko seirak aldera, eta etxe barruan SNCF tren konpainiaren izenean Frantziako Justiziaren atezain batek utzitako ohar batekin topatu da. Antza denez, sarraila ez dute aldatu baina bortxatu bai, eta "korrekzionalean auzi bat izateko beldurrez" ez da sartu barrura hasiera batean. SNCFren oharrak dioenez, Torreren ondasunak bahituta daude eta salgai jartzeko prest. "Jendea beldurtzeko eta euskararen aldeko kanpainak mugatzeko saiakera bat da hau", esan du Torrek azken berria jakin eta gero.

2003ko azaroaren 10a
19:00
Entzun
Goiz guztian zehar eta baita arratsaldean zehar hara eta hona zebiltzan kontuan azkenean argitu dira. Gorka Torre demoak bere etxe barrura sartzeko aukera izan du, eta SNCF tren konpainiak bere ondasunak bahituta dituela zioen ohar topatu du barruan. Hasiera batean, eta hori zen Torreren ustea, sarraila aldatu egin diotela zabaldu dugu, baina antza denez, indarra erabiliz bortxatu dute atea eta sarraila aldatua zela zirudien. Torreren ondasun guztiak bahituta zeudela zioen oharrak eta salmentan jartzeko prest.

Torrek lehen irakurketa bat egin du berria jakin bezain pronto, eta "intimidazioa bultzatzeko" ekimen bat dela esan du. "Izua zabaldu nahi dute jendea beldurtzeko eta euskararen aldeko ekimenak geldiarazteko", esan dio Torrek 'berria.info'-ri. Hala, Frantziako agintariei zuzendu zaie Torre, horrelako jokabidearekin ezer ez dutela lortuko esanez. "Euskaldunon aurka gero eta neurri gogorragoak hartzen badituzte, gero eta parte hartze handiagoa izango da euskararen aldeko ekimenetan", azpimarratu du demoak.

Hasierako usteak

Gorka Torre demoaren etxeko sarraila aldatuta azaldu da gaur goizeko 11:00etan, dagokionak haren ondasunak bahitu zitzan, baina hasieran inork ez du bere gain hartu demoaren aurkako neurri hori. Torre goizeko 9:00etan atera da etxetik, eta 11:00etan etxera itzuli denerako sarraila aldatua zuen–azkenean atea bortxatua izan dela baieztatu da–.

Gorka Torre iragan larunbatean atxilotua izan zen, Demoek SNCF tren konpainiak euskararekiko duen jarrera salatzeko, Lapurdiko trenbidean musean jokatzeko egina zuten deialdiaren baitan. Ekimen hartan 120 euskaltzale inguruk hartu zuten parte. 'Berria.info'-k arratsalden zehar jakin ahal izan duenez, hainbat dei eta gestio egin baditu ere, Gorka Torrek ezin izan du jakin nork ibili den bere etxean.

Gorka Torreren bizilagunek 'berria.info'-ri adierazi diotenez, goizeko 9:30ak aldera aldatu duten demoaren etxebizitzako sarraila. "Lau pertsona etorri dira, horietako bat emakumezkoa, eta berrogei minutu behar izan dituzte sarraila aldatzeko", jakinarazi dute. Halaber, hamar minutu Torreren etxe barnean eman dutela esan dute bizilagunek, "baina barruan ez dute utzi inolako agindu judizialik edota oharrik".

Egoera honen aurrean, Gorka Torrek Frantziako Poliziak Baionan duen egoitzara deitu du telefonoz, eta bertako poliziek euren ez direla izan erantzun diote. SNCF tren konpainiara ere deitu du, eta han erantzun bera eman diote. Orduan, afera zen Torrek ezin zuela etxe barrura sartu, hala egingo balu litekeena baitzen salaketa administratibo bat jartzea bere aurka eta auzi bat izatea epaitegi korrekzionalean. Azkenean, ordea, konfirmatu da SNCF tren konpainiaren aginduz sartu direla Torreren etxera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.