Ezinduak eta sexu harremanak

Gorputzaren jabe bihurtu

Oraindik ere, ezintasunak dituzten pertsonek oztopo ugari gainditu behar izaten dituzte euren sexualitatea modu libre eta arduratsuan garatzeko duten eskubidea onartua izan dadin; horretan ere, emakumezkoek topatzen dituzten arazoak handiagoak izaten dira.

gotzon hermosilla
2013ko uztailaren 21a
04:05
Entzun

Sexualitatea edozein gizakiren bizitzaren atal garrantzitsua da, gizaki horren adina, generoa, kultura edo sexu joera edozein direlarik ere. Inor gutxi ausartuko litzateke baieztapen hori zalantzan jartzera. Eta, hala ere, eragozpen fisiko edo psikikoak dituzten pertsonen kasuan, badirudi hain begien bistakoa den egia horrek enbarazua sortzen diola bati baino gehiagori. Irudi luke ezintasunak dituzten pertsonentzat sexualitatea ez dela garrantzitsua, ez lukeela garrantzitsua izan behar, hori gabe bizi daitezkeela edo hori gabe bizitzen etsi beharko luketela. Behintzat, hori ondoriozta daiteke zenbait guraso, zaintzaile eta begiraleren adierazpenetatik, edo osasun zerbitzuen ardura falta ikusita.

Pernandoren egia badirudi ere, ezintasunak dituzten pertsonen sexualitateaz berba egitean nabarmendu beharreko lehenengo gauza horixe da, hain zuzen ere: sexualitatea badutela. Fekoor Ezgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazioa da, eta bertan egiten du behar Izaskun Jimenezek, berdintasun arloko teknikariak: "Ezintasunak dituzten pertsonak sexualitate aske eta arduratsua izateko eskubide eta beharrik gabeko pertsonatzat jo izan dituzte, eta halakotzat jotzen dituzte oraindik ere. Askotan, babestu beharreko pertsona gisa ikusten dituzte senitartekoek. Gehiegizko babes horren oinarria da sexualitatea zerbait txarra edo debekatua dela, eta horrek ez die uzten haien egoera eta beharretarako egokitutako informazioa eskuratzen".

Informazio falta horren ondorioak larriak dira, Jimenezen ustez: "Pentsatzen da ezintasunak dituzten pertsonek ezin dutela bizi sexualitatea, berezkoa zein partekatua; zerbait txarra dela, debekatua, gizarteak ezarritako edertasun arauetara moldatzen ez direnentzat, eskuraezina. Gizarteak ume gisa tratatzen ditu ezintasunak dituzten pertsonak. Gizaki ahul, menpeko, erabakiak hartzeko ezgauza eta babestu beharrekotzat jotzen ditu pertsona horiek, umeen antzera. Eta beren sexualitatea gainerakoen moduan bizi nahi izatea zigortzen du".

Emakumeak, okerrago

Aurreiritzi hori are okerragoa izaten da emakumeen kasuan: "Ezintasunak dituzten emakumeek askoz gehiago pairatzen dute familia eta ingurukoen gehiegizko babes hori, askoz gutxiago lerratzen baitira emakume erakargarri eta sexu harremanak izateko desiratuaren eredu horretara. Gizartea arduratu da emakume horiek eder eta desiragarri senti ez daitezen, eta horrek eramaten ditu sexualitaterako eskubidea baztertzera eta ez gauzatzera".

"Ezintasunak dituzten gizonezkoek prestakuntza jasotzen dute lan egin, familia bat izan eta zainduak izateko", jarraitzen du Jimenezek. "Ezintasunak dituzten emakumeak, aldiz, ez dira egokitzen gizarteak emakumeari ezarri dion zaintzaile rolera. Beraz, ez dituzte bikotekide edo ama izateko hezten. Familiak, hedabideek, gizarteak oro har, behin eta berriro esaten die ez datozela bat edertasun kanonekin. Ez dituzte emakume gisa ikusten, emakume elbarri gisa baizik. Irudi negatibo hori barneratzen dute, eta uko egiten diote beren sexu eskubideak gauzatzeari".

Rosa Ugartemendia sexologoa da, eta gurpil aulkian ibiltzen da, istripu batek ekarritako paraplejiaren ondorioz. Dioenez, oraindik ere gizartearen zenbait arlotan kosta egiten da emakumearen sexualitateaz berba egitea, "nahiz eta horretan aurrerapauso nabarmenak egon". Eta emakumea izaki, asexualtzat jotzeko aurreiritzi hori izugarri handitzan da emakume elbarrien kasuan: "Nik hori nabaritu dut, esaterako, jendeak egiten dizkidan galderetan. Beste aldetik, seme-alaba elbarriak dituzten gurasoekin lan egitea egokitu zait, sexologo gisa, eta ikusi dut, esaterako, ama batzuek pentsatzen dutela euren seme-alabek ez dutela sexu heziketarik behar edo ez dela beharrezkoa sexualitatearen inguruko hitzaldietara joatea".

Paraplejiak sentsibilitatea murrizten du gorputzaren zenbait ataletan, baina, Ugartemendiak dioenez, hori ez da oztopo sexualitateaz gozatzeko. Edo, hobeto esanda, oztopo izan daiteke, baina oztopo gaindigarria: "Sexualitatea berdin bizitzen dugu, berdin disfrutatzen dugu. Gauza batzuk aldatu behar dira, beste batzuk landu, baina guk berdin-berdin gozatzen dugu sexualitateaz. Askotan, sexualitatea ez dugu ondo bizitzen, buruan dugun ezintasunagatik".

Izan ere, aldatu beharreko arlo horien artean lehenengoa, Ugartemendiak dioenez, "burua" da: "Ezintasuna ez dago arlo fisikoan, buruan baizik. Askotan, arlo fisikoa da gutxienekoa". Baina horrek, elbarrientzat ez ezik, mundu guztiarentzat balio duela pentsatzen du sexologoak: "Sexualitatea genitaletan zentratzea eta orokorragoa den zerbait bezala ez ikustea ohiko akatsa da, eta arazo ere izan daiteke. Elbarrien kasuan oso garrantzitsua da gorputz osoa lantzea, gorputzak dituen ahalmen guztiak baliatzea", gaineratu du.

Horixe da gakoa, hain zuzen: genitaletan eta sarketan larregi oinarritzen den ohiko sexualitatea albo batera utzi eta norbere gorputzaren ezaugarri eta sentsibilitatera egokitutako sexualitatea lantzera, musuak, laztanak eta ferekak gorputz osora hedatuz. "Ikastaroak eta tailerrak antolatzen dira arlo horiek lantzeko", adierazi du Ugartemendiak, "eta elbarrientzat izaten dira, baina berriro diot guztientzat dela onuragarri sexualitaterako gorputz osoak dituen ahalmenak deskubritzea. Nik, behintzat, horrelako ikastaroak antolatu ditudanean, ez ditut inoiz bereizi elbarriak eta elbarri ez direnak".

Aniztasuna

Ezintasunak dituzten pertsonen sexualitateaz eta, oro har, ezintasunez berba egitean, badago beste topiko edo akats bat, askotan agertzen dena: ezintasun guztiak parekatzea, ezintasun fisikoak eta mentalak multzo berean sartzea, mugikortasuna baldintzatzen duten ezintasun larriekin eta hain larriak ez direnekin berdin jokatu daitekeela pentsatzea.

Beharbada, ezintasunaren kontzeptua bera litzateke zalantzan jarri beharrekoa, Izaskun Jimenezen hitzei kasu egitera: "Pertsona bakoitza bat eta bakarra da. Denok gara desberdin. Eta horrek mundu guztiarentzat balio du, ezintasuna izan ala ez izan. Gizarteak berdin ikusten ditu ezintasunak dituzten pertsona guztiak, pertsonak diren neurrian haien baitan dagoen aniztasuna kontuan hartu gabe".

Pertsona horien beharrak ere askotarikoak dira, kasuak desberdinak direlako. Masturbazioa, esaterako, gizaki heldu askoren sexu jarduera arrunta da, baina arazo bilakatzen da pertsona horrek eskuak ezin dituenean erabili. Mugitzeko gaitasuna murriztuta duten pertsona askok bikotekidea dute, baina nola egin bikotekideak ere ezintasunen bat baldin badauka? Edozein gizakiren sexualitatea zabala eta askotarikoa izaten da; ezintasunak dituzten pertsonen kasuan ere, ezin arazo guztiak molde bakar batera ekarri.

Eskuarki, gizarteak babestu beharreko pertsona ahultzat hartzen ditu ezintasunen bat duten guztiak, baina "ezintasun intelektuala dutenak autonomia faltarekin eta erabakiak hartzeko ezintasunarekin lotu ohi dira. Umetzat hartzen dituzte. Horren ondorioz, ezintasun intelektualak dituzten neska nerabe asko antzutu egiten dituzte, ustez nahi gabeko haurdunaldiak saihesteko. Zenbait herrialdetan, ezintasun fisikoa duten emakumeei ere ezartzen diete indarkeria mota hori, haurrei ezintasuna ez transmititzearen aitzakiapean", dio Jimenezek.

Emakume batzuei ezartzen dieten nahi gabeko esterilizazioaren aipamenak beste gai bat ekartzen du hizpidera: ezintasunak dituzten emakumeen amatasuna, alegia. Jimenezek argi utzi nahi du ez dagoela ados sexualitatea eta amatasuna ezinbestean lotzen dituen ikuspegiarekin, baina, edozein modutan, nabarmendu du arlo horretan ere badagoela zer hobetu: "Batzuek ama izan nahi dute, eta beste batzuek ez, gainerako emakume guztiekin gertatzen den moduan. Baina osasun arloa ez dago prestaturik ezintasunak dituzten eta ama izan nahi duten emakumeei zerbitzua eskaintzeko. Azpiegiturak ez daude egokituta, eta mito batzuk oso hedatuta daude, esaterako, emakume horiek ez daudela prestaturik zaintzaile izateko, beraiek direla zaintza behar dutenak, edo haurgintzak kaltea ekar diezaiokeela amari zein umeari".

Fekoor federazioa ikerketa bat ari da egiten Bizkaiko zerbitzu ginekologikoak ezintasunak dituzten emakumeentzat egokiak diren ala ez jakiteko. Bizkaian dauden 168 erietxe eta osasun zentroak aztertu dituzte, baina pentsatzekoa da Euskal Herriko gainerako herrialdeetan egoera ez dela oso desberdina izango. Emaitza ez da oso baikorra: ezintasunak dituzten emakumeen beharretara egokitutakoak erdiak baino apur bat gehiago baino ez dira. "Litekeena da han aritzen diren profesionalen begietara zerbitzu horiek egokiak izatea eta hara joan behar duten emakumeek bestela ikustea", zehaztu du Jimenezek.

Esaterako, anda hidraulikoa duten zerbitzuak %17 baino ez dira; mamografiak egiteko tresna egokituak dituztenak, berriz, %5 baino ez; eta bakar batek ere ez dauka garabirik ezintasunak dituzten emakumeak gurpildun aulkitik anda edo ohera aldatzeko. Hori egiteko, zentro batzuek jagole edo erizainak dituzte, baina %32 baino ez dira.

"Kontsula ginekologikoak, oro har, ez daude egokituta", laburbildu du Jimenezek; "ez dituzte kontuan hartzen mugitzeko ahalmena murriztuta duten neska eta emakumeen beharrak, langileek askotan prestakuntza falta dute, eta horrek egoera diskriminatzaileak sortzen ditu, esaterako, gaixoari zuzendu beharrean laguntzeko etorri den pertsonari hitz egitea edo gaixotasun eta minei garrantzia kentzea, ezintasunaren ondorio direlakoan".

Gabezia horiek badute ondoriorik emakumeengan: mugitzeko ahalmena murriztuta duten 7.000 emakume daude Bizkaian, eta horietatik gehienak ez dira inoiz kontsulta ginekologikora joan, edo hara joateko momentua ahalik eta gehien atzeratzen saiatzen dira, han topatuko dituzten oztopoen beldur direlako. "Emakume horietako askori ez diote inoiz mamografiarik egin, ez diete urteroko osasun azterketa egiten zenbait gaixotasuni aurre egiteko, eta sexualitatea garatzeko duten eskubidea, amatasunarena edo haurdunaldia eteteko dutena murriztu egiten zaizkie", azaldu du Jimenezek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.