Gorpuzkiak aurkitutako leku berean objektu pertsonal batzuk aurkitu dituzte Zaldibarren

Argazki kamera bat, erloju baten uhala, eguzkitako betaurrekoak eta giltzarrapo bat aurkitu dituzte. Jaurlaritzak uste du bortz egunen buruan jakingo dituztela DNA proben emaitzak.

Hondeamakinak Zaldibarren lanean, atzo. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko abuztuaren 18a
11:42
Entzun

Objektu pertsonal batzuk aurkitu dituzte Zaldibarren atzo gorpuzkiak agertutako leku berean. Argazki kamera bat, erloju baten uhala, eguzkitako betaurrekoak eta giltzarrapo bat topatu dituzte. Tibia bat aurkitu zuten igandean; bestelako hezur eta gorpuzkiak atzo. Otsailaren 6an amildu zen Zaldibarko zabortegia, eta azpian harrapatuta geratu ziren Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak. Baskula inguruan eta lur azpian 23 metrora aurkitu dituzte gorpuzkiak eta objektu pertsonalak.

Igandean lehen aztarnak aurkitu zituztenetik lanean jarraitzen dute Zaldibarren, uste baitute gorpuzkiak aurkitu dituzten leku berean daudela Sololuze eta Beltran lurperatuta. Gorpuzkiak atzeman ondotik, epailearen esku dago ikerketa. DNA proba egingo dute gorpuzkiak norenak diren jakiteko, eta laster analisien emaitzak izatea espero du Jaurlaritzak. Juan Vicente Bilbao Polizia zientifikoko ertzainburuak atzo baieztatu zuen bost egunen buruan jakin ahal izango dituztela emaitzak.

Eitzagako zabortegia (Zaldibar, Bizkaia) otsailaren 6an amildu zen, eta orduan desagertu ziren bi langileak. 50.000 herritar inguru konfinatzea ere eragin zuen luiziak. Egunean bertan hasi ziren bi langileak bilatzeko lanak, baina gorabehera asko izan dituzte. Besteak beste, luizi gehiago egoteko arriskuak, eremuan amiantoa aurkitu izanak eta hondakinek eragindako suteek lan egiteko modua aldatzera behartu zuten. Apirilaren 6an, zabortegia amildu eta bi hilabetera, Sololuzeren autoa topatu zuten, baina harrezkero ez da izan bi beharginen arrastoei buruzko albisterik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.