Ikerketa

Gorpuzkiak zituzten bi poltsa aurkitu ditu Ertzaintzak Bilboko itsasadarrean

Goizean gizon bat atxilotu dute Barakaldon, Arrigunagan duela bi hilabete azaldutako hankarekin lotuta. Hilketa egozten diote.

Ertzaintzaren itsasontzi bat bilaketa lanak egiten Bilboko itsasadarrean. ERTZAINTZA
2021eko martxoaren 8a
11:26
Entzun

Gaur goizean gizon bat atxilotu du Ertzaintzak Barakaldon (Bizkaia), duela ia bi hilabete Arrigunagako hondartzan (Getxo, Bizkaia) azaldutako gorpuzkiekin lotura duelakoan. Hilketa egotzi diote atxilotuari. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, Ikerketa Kriminalerako Bizkaiko Sailak denbora darama jazotakoa ikertzen, eta horren emaitza da atxiloketa. 

Horrez gain, Ertzaintzak gorpuzkiak zituzten bi poltsa aurkitu ditu eguerdian Bilboko itsasadarrean, Ibaizabal ibaian, eta Arrigunagako kasuarekin lotura izan dezaketela dirudi.

Urtarrilaren 10ean hanka zati bat aurkitu zuten Arrigunagan. Ertzaintzak baieztatu ez duen arren, gorpuzkiak Barakaldoko 34 urteko gizon batenak ziren; Gabonetan jo zuten desagertutzat.

Hasieran, Ertzaintzak ez zuen hilketa bat izan zelako susmorik; besteak beste, hipotesietako bat zen desagertutako arrantzale bat izatea, Euskal Herritik urrun itsasora eroritako norbait. Jarraian, Poliziak hainbat egun igaro zituen inguru hartan bilaketak egiten.

Bilbon, hildako baten hondarrak

Bestalde, Ertzaintzak jakinarazi du atzo, 18:00ak aldera, herritar batek hildako bat topatu zuela Bilboko baratze batzuetan, San Adrian auzoan. Dirudienez, gorpuak denbora asko zeraman han, hezurrak eta erropa zatiak soilik aurkitu baitzituzten. 

Baratzeak dauden gunea sarrera zailekoa da, aldapan dago, eta etxegabeko hainbat lagunek gaua igarotzeko baliatzen dituzte hango etxolak. Ikerketa zabaldu du Ertzaintzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.