Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko egungo alkatea ez da berriro Bildurekin aurkeztuko datozen hauteskundeetan eta bere zerrenda osatuko du. Jose Mari Gorroño bera izango da alkategaia, eta Maria Uribe (EAJ) izango da zerrendan bigarrena. Izan ere, EAtik Bilduko alkatea denak EAJ alderdiarekin koalizioa osatzea adostu zuen atzo.
Gaur eguerdian aurkeztu dute koalizioa Gorroño berak eta Itxaso Atutxa EAJko BBBko buruak. Atutxak nabarmendu du Gorroñoren eskariz hasi zirela elkarlanean aurkezteko ideiaren inguruan hitz egiten, eta Gernikarentzat "onena" delakoan koalizioa egitea erabaki dutela esan du. Batik bat, arlo ekonomikoan etorri direla bat nabarmendu du.
Gorroñok espero du aurrerantzean harreman hobeak izatea Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Diputazioarekin. Horrek eskualdearen egoera ekonomikoa hobetuko lukeela iruditzen zaio. Ez du argitu EA alderdian segiko duenik; bere alderdia "beti" EA izan dela besterik ez du esan.
Hautu pertsonala
EAko idazkari nagusi Pello Urizarren ustez, Gernikako koalizioa berriaren albistea onartzea "ez da erraza", baina, gaineratu du, EAren erabakia zuzena izan zela erakusten duela. Izan ere, EAk erabaki zuen Gorroño EH Bilduren zerrendan ez joatea, hark ez zuelako nazio mailako irizpideekin bat egiten.
Sortuko presidente Hasier Arraizen esanetan, berriak argi uzten du "Gorroño, guztiaren ganetik, gorroñozalea dela". Zehaztu du azken hiru hauteskundeetan hiru sigla politiko desberdinen izenean aurkeztu dela Gernikako alkatea. Radio Euskadin goizean egin dioten elkarrizketan egin ditu adierazpen horiek.
Otegi saritzeagatik salatua
2013ko irailean "terrorismoa goratzea eta zuritzea" leporatuta auzipetu egin zuten Gorroño, Gernika Sarietako bat Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideari emateagatik.
Gernika-Lumoko epaitegian deklaratu zuen Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. [YouTube]http://youtu.be/V9BKDfcKK_s[/YouTube]
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Santiago Pedrazek erabaki zuen alkatea auzipetzea, Diginidad y Justiciak eginiko salaketa aintzat hartuta. Akusazioaren oinarrian zegoen Gernikako Udalak Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kide eta presoari eta PSE-EEren presidente Jesus Egigureni 2012ko apirilean emandako Gernika saria.
Azkenenean, kasua artxibatzea erabaki zuten Zigor Salako epaileek. Fiskaltza ere kasua ixtearekin ados zen. Argudiatu zutenez, ezin zen frogatu Arnaldo Otegi “ekintza terroristak burutu izanagatik” saritu zutenik. Aitzitik, bakearen eta berradiskidetzearen alde ideia ezberdinak batzeko egindako lanagatik saritu zutela ulertu zuten Auzitegi Nazionaleko epaileek.