Futbola eta arrazakeria

Gorroto antolatua

Futbol zelaietan mezu faxista eta arrazistak barreiatzen dituzten talde antolatuak ez dira gutxi Espainian; Sare Antifaxistak salatzen du kirol agintariek ez dutela «borondate politikorik» arazoaren muinera jotzeko.

gotzon hermosilla
2014ko maiatzaren 11
17:55
Entzun

Batzuetan, keinu eta oihu arrazistak agertzen dira futbol zelaietan. Bat-bateko zerbait izaten da, aldez aurretik prestatu gabea, partidaren tentsio eta asalduraren testuinguruan sortua. Baina futbol zelaietako jarrera arrazista guztiak ez dira mota horretakoak. Aspalditik, eskuin muturrak futbol zelaiak aukeratu ditu bere ideia arrazista eta xenofoboak hedatzeko, eta, geroztik, ez dira gutxi kirolzaletasunaren abaroan kukutzen diren talde antolatuak, faxismoaren eta arrazakeriaren apologia egiten dutenak.

Ez da paranoia, norbaitek halakotzat har dezakeen arren. Zale erradikalen multzoetan infiltratzeko talde faxisten estrategia ongi ikertua eta dokumentatua dago, 1970eko hamarkadaren amaieran National Front alderdiak Erresuma Batuko futbol zelaiak aukeratu zituenetik bere ideologia hedatu eta kide berriak lortzeko gune gisa. Eta Europako zelai askotan ikusten diren ikurrei eta entzuten diren abesti eta oihuei erreparatzea baino ez dago konturatzeko harmaila askotan futbolarekin zerikusirik ez duen beste partida bat jokatzen dela.

Sare Antifaxista taldeak urteak daramatza faxismo, arrazakeria, xenofobia eta homofobiaren kontrako lanean. Faxismoaren gorakadak asaldatuta erabaki zuten lanari lotzea, eta erabaki horretan, besteak beste, zerikusia izan zuen futbolarekin lotutako gertakari batek: Aitor Zabaleta Realaren zalearen hilketa 1996ko abenduan. Faxismoaren hedatzeak kezkatzen ditu, eta futbol zelaietako faxismoa ez da haien kezkarik txikiena.

Europako joeren antzera

Sare Antifaxistako kideek gogoratzen dute Bosman legea indarrean sartu aurreko garaietan, arbaso espainiarren bat zuten jokalari atzerritarrek bazutela estatus berezia Espainian, atzerritarren lekurik betetzen ez zutelako, eta Espainiako futbol taldeetan ohikoa zela horrelakoak fitxatzea. Oriundo berba erabiltzen zen horrelakoak izendatzeko, eta, Bosman legearen ondorioz desagertu bazen ere, garai batean hitzetik hortzera erabilitako berba izan zen kirol hedabide eta zaleen artean.

Oriundo horietako zenbait zuria ez beste arraza batzuetakoak ziren, baina, hala ere, horrek, oro har, ez zuen erreakzio arrazistarik sortu zaleen artean. Hori geroago iritsi zen, 1980ko hamarkadan, zale erradikalen lehenengo talde antolatuak agertzen hasi zirenean. Real Madrileko Ultras Sur taldea izan zen aitzindaria, 1980an sortu baitzen. "Garai hartan Ingalaterran eta Italian gertatzen ari zenaren isla moduan agertu ziren talde horiek", diote Sare Antifaxistakoek, "eta, apurka-apurka, Espainiako talde gehienetara hedatu ziren".

Hamarkada horretan, futbolari lotutako talde faxistek gorakada nabarmena izan zuten, baina joera laster aldatu zen. 1985ean, Bruselako Heysel zelaiko hondamendia (Belgika) gertatu zen —39 lagun hil ziren Juventus eta Liverpoolen arteko partida batean—, eta horrek alarma guztiak piztu zituen.

Hurrengo urteetan, futbol talde gehienek neurriak hartu zituzten eskuin muturreko zaleen kontra, eta, bestalde, horien jarduerak oso ospe txarra lortu zuen Heyselen gertatutakoa zela eta. Horren ondorioz, muturreko talde batzuk desagertu ziren, beste batzuek nahikotxo apaldu zituzten euren mezu eta jokabideak, eta, 1990eko hamarkadaren amaierarako, Europako herrialde gehienetan egoera baretu antzean zegoen.

Baina Espainia salbuespena izan da. Sare Antifaxistakoek ez dute ahoan legarrik esateko une honetan Espainiako Liga Txapelketa "Europa osoan jokabide faxista, arrazista eta xenofobo gehien biltzen dituen txapelketetako bat" dela. "Beste herrialde batzuetan, neurriak hartu dituzte, kanpainak antolatu dituzte, kasu batzuetan Nike eta antzeko marka komertzialen parte hartzea lortuz, baina Espainian ez da horrelakorik egin. Zenbait futbol talderen web orrietan arrazakeriaren kontrako mezuak agertzen dira. Espainiako futbol taldeen kasuan, ez duzu horrelakorik ikusiko".

Isunak baino ez

2007an onartu zen Espainian Kiroletako Indarkeria, Arrazismo, Xenofobia eta Intolerantziaren Kontrako Lege berria. Horren eragina hutsaren hurrengoa izan da, Sare Antifaxistako kideen iritziz: "Neurri bakarra isunak jartzea da; horixe bakarrik da Indarkeriaren Kontrako Batzordearen jarduera. Horrek, alde batetik, bide eman die arazo honekin zerikusirik ez duten kontuak zigortzeko eta, adibidez, euskal presoen aldeko ikurrak edo Kataluniako ikur independentistak eramateagatik isunak jartzeko. Baina, beste alde batetik, isunen bidez urtero jasotzen duten dirutza ez dute erabiltzen kanpainak antolatzeko edo kontzientzia sortzeko. Dirua batzeko modu erraza baino ez da".

Orain, aurreko asteetako gertaeren ostean, badirudi Espainiako Futbol Liga Profesionala urrunago joateko prest dagoela, eta iragarri du horrelakoak ekiditeko ikastaro batzuk antolatuko dituela, "talde guztiek derrigorrean egin beharrekoak" izango direnak. "Arazoa borondate politikoa da", zehazten dute Sare Antifaxistakoek. "Orain arte isiltasun hitzarmen moduko bat egon da, inork ez zuelako arazoaren sustraietara jo nahi". Ikusteko dago iragarritako neurriak orain arte hartutakoak baino eraginkorragoak suertatzen ote diren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.