Gorrotoak ez duela laguntzen bakea eta bizikidetza eraikitzen. Hori uste du Langraiz bidearekin bat egin duen preso talde batek. «Jarrera horrekin, ezinezkoa da elkarbizitza berreskuratzeko baliagarria izan daitekeen ezer planteatzera iristea edo iraganean egin dugunaren hausnarketa serio burutzea», adierazi dute Andoi Alzak, Ibon Etxezarretak eta beste lau presok, BERRIAra igorritako gutun batean.
Preso horiek oso kritiko azaldu dira abuztuaren 4an El Mundo egunkariak argitaratutako Iñaki Rekarte preso ohiaren elkarrizketa batean esandakoekin. Rekarte gogor mintzatu da ETAko buruzagi izandako, harekin preso egondako eta egun preso diren batzuen jarrerari buruz; besteak beste, Arnaldo Otegiri buruz. «Ausardiarik eza» leporatu dio, eta «faxista» deitu hainbat preso eta kide ohiri. Era berean, preso askoren artean benetan zer pentsatzen duten esateko «beldurra» dagoela dio, eta Langraiz bidea indartu beharko litzatekeela, hori amaitzeko.
Alza, Etxezarreta eta gutuna sinatu duten beste lau presoen arabera, «onartezinak» dira Rekartek «preso batzuei egindako irainak». «Gure iritziz, elkarrizketa horretan esaten denak ez du zer ikusirik inolaz ere egun gure gizarteak baikortzat baloratzen duen Langraiz bidearekin», azpimarratu dute.
Sei preso horiek ETA utzi eta Langraiz bidea deiturikoaren parte dira, Rekarte bezala. Baina gutunean azaldu dutenez, bide hori ulertzeko modu ezberdinak daude, «errespetagarriak» denak, gorrotoaren bidetik jotzen ez bada.
Gogoeta eta elkarlana
Preso horiek ulertu eta errespetatzen dute zigorra amaitzeko bidea gogoeta eta ikuspegi pertsonal batetik egin nahi izatea. Halere, haientzat egokiago da erantzukizun pertsonalak eta kolektiboak uztartzea. Ideia horren barruan kokatu dituzte azken urteetan hartu dituzten zenbait erabaki: bereziki, talde eta norbanako hausnarketak plazaratzea, eta biktima batzuekin elkartzea, banaka zein taldean, espetxe barruan eta kanpoan. Jakinarazi dute, halaber, sektore askotariko jendearekin ere bildu direla denbora honetan: Lokarrin, Bakearen Aldeko Koordinakundean, Baketik-en eta giza eskubideen alde lanean ari den jendearekin. Baita unibertsitateko irakasle eta «hainbat talde politikotako» arduradunekin. Era berean, berretsi dute harremanak dituztela Eusko Jaurlaritzan «gai hauek jorratzen dituzten pertsonekin», «bai aurreko eta bai oraingo Eusko Jaurlaritzako bulegoan lanean diren pertsonekin», eta denek merezi dutela «errespetu osoa».