61 urteko gizon baten etxegabetzeari buruzko ahozko bista izan da gaur Bilboko Justizia jauregian. Gotzaindegiaren jabegoko etxebizitza batean bizi da. Pentsioduna da, esklerosi anizkoitza du eta %45eko elbarritasuna. Bilboko Maizterren Sindikatuak elkarretaratzera deitu du epaitegiaren aurrean hari babesa adierazteko. Taldeko kide da gizona bera ere. Alba Garcia eta Iñigo Ruesgas bozeramaileek adierazi dutenez, litekeena da gaur etxegabetzea «berrestea» eta gizonari etxea uzteko epea irailerako ezartzea.
Bilboko Begoña auzoan dago etxea eta bertan jaio zen gizona. Haren gurasoen izenean zegoen alokairua hil ziren arte. Hortaz, arrebari esleitu zioten kontratua mortis causa, epea amaitu bitartean. Emakumea, ordea, elbarritasun baten ondorioz hil zen handik gutxira. Ordutik, hamar urte igaro dira. Ruesgasek adierazi du gizonak negoziaziorako asmoa izan duela beti: «Bera saiatu izan da kontratua haren izenean jartzen, baina gotzaindegiak ukatu egin dio». Hala ere, hilabetero, errenta ordaintzeko dirua eskatu egiten ziotela gehitu du: «Gotzaindegiak dirua errefusatu eta etxegabetzea abiarazi zuen arte».
Gotzaindegiak proposatu dion irtenbidea ez du onartu. Alokairuan logela bat ordaintzea eskaini zioten gizarte zerbitzuen erabiltzaile moduan. Garciak nabarmendu du gizonak ez duela logela bat gura: «Bere diru sarreren araberako alokairu soziala besterik ez du nahi».
Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak iazko abenduan erosi zituen Bilboko Gotzaindegiaren jabetzako hamalau etxebizitza, eraikin berean: «Lurzoru-ondare publikoan sartu eta Alokabide programaren bitartez alokairu sozialean jartzeko». Gaur epaitua izan den gizonaren apartamentua da bloke horretan erosi ez duten bakarra. Ruesgasek «jukutria» salatu du: «Alokairu sozialak bideratu nahi dituzte, behar hori duen pertsona bat kaleratu nahi duten eraikinean».
Maizterren Sindikatuko kideek Bilboko gotzaindegia okupatu zuten aste honen hasieran, gizonaren egoera salatzeko. Begoñako basilikaren aurrean egin zuten elkarretaratzea. Asteazkenean bilera zuten adostua bi aldeek eta Gotzainak albora utzi zuen; horren ondorio gisa hartu zuten Gotzaindegiko bulegoetara sartzeko erabakia. Ertzainek kaleratu zituzten.
Administrazioarekin harremanetan daudela erantsi dute Ruesgas eta Garciak: «Guk ez dugu etsiko gizon honen egoera normalizatu arte». Hurrengo mobilizazioei adi egoteko deia egin dute.