Nafarroako agintari politiko nagusiak aurrean zituela, eskaera zehatza egin zuen atzo Julio Lafuente Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) errektoreak, 2010-2011ko ikasturte hasierako ekitaldian: ikasketa gradu gehiago eskatu zituen, eta Medikuntzarena aipatu zuen zehazki. Zientzietan, Giza Zientzietan eta Nekazaritza Elikadurako esparruetako graduak ere behar dituztela azpimarratu zuen, «Nafarroako gizartearen beharrei erantzun ahal izateko».
Lafuenteren irudiko, NUPeren eskaintzak «sabaia jo» du, eta «eskaintza faltaren ondorioz, ikasle askok Nafarroa utzi behar izaten dute euren unibertsitate heziketarekin jarraitu ahal izateko». Lafuentek jakin badaki hori ez dutela inolaz ere ehuneko ehunean saihestuko, baina beste gradu batzuk ezarriz gero arazoa konpontzeko bidean jarriko luketela uste du. Gainera, behar hori azterketa guztietan agerian geratzen dela nabarmendu zuen, eta enpresaburuek eskatu egiten dutela. Horregatik, gradu berrien ezarpenari heltzeko garaia iritsi dela iritzi zion.
Miguel Sanzen erantzuna
Miguel Sanz Nafarroako presidenteak minutu gutxira erantzun zion, bere hitzaldian bertan. Ez zion ezezko borobilik eman, baina haren hitzek halaxe iradokitzen dute: «Ez dagoen tokitik ezin da deus atera». NUPeko agintariei «arduraz jokatzeko» eskatu zien, izan ere, haren arabera, krisi garai hauek eskatzen dutena da murriztu, mantendu eta izoztu aditzak ongi konbinatzea.
Gobernuak eta NUPek unibertsitateak Nafarroako garapenean eta aurrerapenean duen garrantziaren inguruan iritzi bera dutela esan zuen Sanzek, eta 2010-2013 eperako finantzaketa itunen bat adosten saiatuko direla.
Gradu ikasketa gehiago ezartzeko eskatu dio NUPek gobernuari
Ikasturte hasierako ekitaldian bertan erantzun dio Sanzek: «Ez dagoen tokitik ezin da deus atera»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu