atxiloketak

Grande Marlaskaren aurretik igarotzen hasi dira 34 gazteak

Atxilotuak inkomunikaturik ari dira pasatzen epailearen aurretik, AAMk jakinarazi duenez. Atzo, tortura saihesteko protokoloa jartzeari uko egin dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Herenegun atxilotu zituzten gazteak, Segirekin lotura dutelakoan. AAMk gaur esan duenez, Asier Coloma donostiarra atzematen ere saiatu ziren.

2009ko azaroaren 26a
19:54
Entzun
Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea hasi da asteartean Segi erakundearekin lotuta atxilotu zituzten 34 gazteak hartzen, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakitera eman duenez. Iturri ez ofizialen arabera, 11 gazte ari dira epailearen aurretik igarotzen. Hala ere, epaileak atxilotuen abokatuei adierazi bezala, ez dute zehaztu zein diren horiek.

"Epailearen jarrera horrek senideen indefentsio egoera areagotu baino ez du egiten, senideek ez dakitelako atxilotuak noiz pasako diren epailearen aurretik, eta beraz ez dakitelako Madrilera noiz joan beharko duten". Gaur, bihar edo etzi pasa daitezke atxilotuak epailearen aurretik. "Horrek senideen artean urduritasuna zabaltzea beste hebururik" ez duela salatu du AAMk, "beste behin ere senideak zigortzea bilatzen dutelarik".

AAMk jakinarazi duenez, atxilotuak inkomunikaturik ari dira pasatzen epailearen aurretik. Egoera horren aurrean defentsako abokatuak Espainiar Auzitegi Nazionalarekin egoteko kudeaketak egiten ari dira, "gertaera larri honi lehenbailen amaiera emateko".

Atxiloaldia ere ez du kameraz grabatuko, gazteek konfiantzazko mediku baten bisitarik ez dute izanen, haien senideei ez diete inolako informaziorik emanen, inkomunikazioak irauten duen bitartean Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren esku egonen dira... Haien abokatuek Baltasar Garzon epailearen protokoloa -torturak saihesteko protokoloa- indarrean jartzeko eskatu zioten Grande Marlaskari, baina honek ez du horrelako beharrik ikusi eta, AAMk jakinarazi duenez, ez duela neurririk hartuko erantzun die abokatuei.

Asteartean, Madrilera eraman zituztela jakinarazi zuen Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak, eta geroztik ez dago haien berririk.

Alta, ostiralean berean, NBEko Torturaren Aurkako Batzordeak inkomunikazioa bertan behera uzteko eskatu zion Espainiari, "oinarrizko eskubideak murrizten" dituelako eta "torturari eta tratu txarrei bide" ematen dielako. Hori egin ezean konfiantzazko abokatua eta medikua aukeratzeko eskubidea, familiari atxilotuak dauzkaten tokia eta egoera jakinaraztea, eta atxiloaldiak une oro eta leku guztietan grabatzea eskatu zion. Marlaskak ez ditu bere aholkuak kontuan hartu.

34 gazte haiez gain, AAMk asteartean zioen beste zazpi lagun ere atzematen saiatu zirela, baina ihes egin zutela. AAMk gaur jakinarazi du Asier Coloma donostiarra atxilotzen ere saiatu zirela Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.