Atxiloketak

Grazi Etxebehere ere aske utzi dute, baldintzapean

Jeff Mateo eta Terexa Lekunberri libre utzi zituen larunbat gauean epaileak. Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea kartzelatu egin dituzte. Donibane Garazin manifestazioa eginen dute uztailaren 18an.

600 bat lagun bildu ziren atzo Ortzaizen, manifestaldira deitzeko. ISABELLE MIQUELESTORENA
Nora Arbelbide Lete.
2015eko uztailaren 13a
17:28
Entzun

Astearte iluntzean atxilotu zituzten Mateo eta Lekunberri, Retarekin eta Goienetxearekin batera. Grazi Etxebehere, berriz, ostegun goizean atzeman zuten poliziek. Larunbat gauean epaileen aurrean deklaratuta, baldintzapean aske utzi ditu Etxebehere, Lekunberri eta Mateo. Reta eta Goienetxea, berriz, espetxeratzeko agindu du.

Astearte iluntzeko atxiloketetan poliziek erabili zuten bortizkeria salatzeko, aste honetan agerraldi jendetsuak egin dituzte Ortzaizen (Nafarroa Beherea), eta uztailaren 18an manifestazioa eginen dute, Donibane Garazin, Errepresiorik ez, konponbidea orain leloarekin. 17:00etarako finkatua du antolatzaileak, Ortzaizeko sostengu batzordeak.

Aste honetan iragan polizia operazioaren ondorioz sortu dute batzordea. Euskal Herri osoko herritarrak eta eragile sozial eta politikoak ere mobilizatzera deitu ditu batzordeak, "elkartasuna eta konpromisoa erakusteko", bertako kide Elorri Aizagerren hitzetan. 600 bat lagun inguruan zituela iragarri zuen manifestaldia batzordeko kideak larunbatean, Ortzaizeko plazan.

Asteartean hasi polizia operazioa "gogorki salatu" du batzordeak, bai "Poliziak izan duen jokabide bortitzarengatik, bai gaur egungo egoera politikoan duen errannahiarengatik", batzordeko Antton Seychalen hitzetan. Parisko bake konferentziatik zenbait astetara, "Poliziak jendeei fisikoki eraso dien gisa berean, konponbide prozesuaren kontrako eraso zuzen baten gisa ulertzen dugu. Indarkeriak gauzak okertu besterik ez du egiten", berretsi zuen Seychalek.

Poliziaren aurka, salaketak

Jojo Bidart kazetariak iragarri du salaketa jarriko duela Poliziaren aurka, kazetari gisa. Astearte gauean, atxiloketak salatzeko elkartu jendearen aurka Poliziak erabili gomazko bala batek zauritu zuen, lanera joana zela. Poliziak erabili "bortizkeriaren desproportzioa" berretsi zuen Bidartek. Poliziak zauritu beste hiru herritarrek ere salaketa bana jartzekoa dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.