Gasteizko udaltzainek amaitu egingo dute urriaren 31z geroztik egiten ari diren arretazko greba, udalak egindako azken eskaintza onartu ostean. Gorka Urtaranen gobernuak egindako azken proposamena bozetara eraman zuen langileen sindikatuak atzo, eta baiezkoa gailendu da, nabarmen: langileen %68k bozkatu dute eskaintza onartzearen alde. Guztira, 250 boto zenbatu dituzte: 164 izan dira aldekoak, 77 aurkakoak, zortzi zuri eta boto baliogabe bat. Hori horrela, udaltzainek bertan behera utziko dute azken lau hilabeteetan egin duten arretiazko greba.
Gasteizko Udalak mahai gainean jarritako proposamena ontzat jo du udaltzainen gehiengoak. Besteak beste, udaltzainen kopurua handituko da lan eskaintzen eta promozioen bitartez, eta antolaketa arazoak konpontzeko prozesu bati ekingo diote. Halaber, udaltzainek 600 euroko ordainsaria jasoko dute urtean lan kargagatik, eta familia kontzilizazioa erraztu ahal izateko jai hartzea ezinezkoa zuten egunak hamazazpira murriztuko zaizkie. Txanda bakoitzean gutxieneko zerbitzuak bermatuko dira, gainera.