Greba egin dute gaur Bilboko Hijas de la Cruz ikastetxeko langileek, «lanpostuen defentsan eta zentroaren itxieraren kontra»; manifestazioa egin dute San Anton elizatik abiatuta udaletxeraino. Hain zuzen, arduradunek urtarrilean jakinarazi zuten ikastetxea itxi egingo zutela, azken urteetan matrikulazioan beherakadak egon direla argudiatuta. Eztabaida piztu zuen erabakiak. LAB sindikatuak irtenbideak eskatu ditu, eta salatu du itxierak 200 familia ingururi eragingo diela eta 41 langile kalean utziko dituela. Abuztuaren 31n itxiko dute zentroa.
Konponbide bat topatzeko asmoz, ikastetxea publifikatzeko prozesua abiatzea galdegin dute. Hijas de la Cruzeko hezkuntza komunitateak mozio proposamen bat egin du, eta gaur eztabaidatuko dute Bilboko Udaleko osoko bilkuran. Hezkuntza Sailari “ausardiaz” eta “erabakitasunez” jokatzeko eskatu die, eta ikastetxea publifikatzeko prozesu integralari ekiteko. «Barrutiak gaur egun duen eskaintza publiko osoa murritza da, Mujika eta Atxuriko eskolak beteta baitaude».
LABen arabera, ikastetxearen itxieraren berri jakin zutenetik hainbat arduradun politikorekin eta gizarte eragilerekin bildu dira, itxiera ekiditeko eta alternatiba bat topatzeko asmoz. Ez dute erantzunik jaso, baina. «Zoritxarrez, ez dute onartu guk proposatutako alternatiba, eta ikastetxea ixtera kondenatu dute».
EH Bilduren proposamena
Publifikazioaren alde egin du EH Bilduk ere, eta Bilboko Alde Zaharreko eskaintza publikoa indartzeko asmoz, Hezkuntza Sailari proposatu dio Hijas de la Cruz ikastetxea erosteko. Argi azaldu du arrazoia: «Eraikinari orain arte izan duen erabilera ematen jarraitu ahal izatea, betiere oinarri publiko eta euskaldunak izango dituen hezkuntza proiektu berritzaile eta erakargarri bat diseinatuz». Koalizioaren arabera, proposamen horrek Atxurik, Solokoetxek eta Alde Zaharrak hezkuntza arloan dituzten beharrak asetzea ahalbidetuko luke, auzo horietan «hezkuntza eskaintza publikoa eta euskalduna indartzeko».