«Ez dugu greba egiten soldata igoera eskatzeko edo gure lan baldintzak hobetzeko; Soin Hezkuntzari kendu zaion garrantzia eta duintasuna berreskuratu nahi dugu». Gorputz Hezkuntzako irakasleek atzo egin zuten grebaren alde modu horretan hitz egin zuen Luis Larrañaga Sohat Soin Hezkuntzako Aldeko Taldeko bozeramaileak. Eusko Jaurlaritzak atonduriko curriculumak irakasgai horretan ezarririko ordu murrizketak «haurren garapen osoaren» aurka egiten duela adierazi dute. Greba «arrakastatsua» izan zela azpimarratu zuten Sohateko ordezkariek. Soin Hezkuntzako irakasleen %80ak greba egin zuela azaldu zuten. Eusko Jaurlaritzaren arabera, ordea, grebaren jarraipena %39koa izan zen; hots, ikastetxe publikoetako Gorputz Hezkuntzako 821 irakasletatik 323k jarraitu zuten.
Eusko Jaurlaritzaren curriculumak Soin Hezkuntzako orduen murrizketa egin du, eta ikastetxeei hainbat ordu eman dizkie nahi bezala banatzeko. Hori dela eta, Jaurlaritzaren ustez, greba «goizegi» egin dute, Eskola Kontseiluek ez baitute oraindik ikastetxeetako ordutegia zehaztu. Sohateko kideek bestelako ikuspuntua dute, ordea: «Ikastetxeek bana ditzaketen ordu horiek ez dizkiote itzuliko Hezkuntza Sailak arbuiatu duen irakasgai bati».
Bide batez, Hezkuntza Sailak curriculum berria egitean ez negoziatu izana leporatzen diote Hezkuntza sailburu Tontxu Camposi. «Dekretua euskal gizartearen adostasun zabalaz aurrera eraman zela esan zuen Camposek, baina gure iritziz inposaketa hutsa izan zen». Hori agerian uzteko Sohatek Soin Hezkuntzaren ordu murrizketaren aurkako 75.000 sinadura aurkeztu zituen atzo Eusko Jaurlaritzan. Horretaz gain, goi mailako 200 kirolariren atxikimendua, hainbat guraso elkarteren sostengua, hezkuntzako sindikatu guztien eta kirol federazioen laguntza jaso dutela gogorararazi zuen Larrañagak.
Eusko Jaurlaritzaren curriculumaren helburu nagusia haurren garapen osoa bada ere, ordu murrizketak horretarako tarterik ez duela uzten nabarmendu zuen. «Soin Hezkuntzako curriculuma maila teorikoan handitu eta biribildu egin dute, baina bertan zehaztutakoa gaitasunak ezin izango dira lortu astean 1,5 ordurekin». Irakasgai horrek gaitasun kognitiboak, fisikoak, afektiboak, sozialak eta komunikatiboak garatzen dituela nabarmendu zuen Larrañagak. «Zein da balioak, integrazioa, elkarlana eta bestelako gaitasunak modu natural eta ludikoan lantzeko aukera ematen duen irakasgaia?».
Hezkuntza Sailak eta ikuskariek, azken asteetan, eskolak emateari utzi diotela-eta izandako jarrera kritikatu zuen. «Ikasgeletan zein lan egiten genuen galdetu dute... lotsagarria da hori».
Greba egin dute Soin Hezkuntza irakasleek, ordurik ez murrizteko
%80ko jarraipena izan duela diote antolatzaileek; eta Eusko Jaurlaritzak dio greba irakasleen %39k egin dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu