EUSKAL HERRIA

Greba egingo dute bihar metroan

Arratsaldeko bileran berretsi egin dute erabakia: lanuztea egingo dute bihar, San Tomas egunarekin. Zerbitzuen %48 gutxienez eman bearko dituzte; Jaurlaritzak %70ean jarria zuen gutxienekoa, baina auzitegiak bertan behera utzi du. Helegitea jarriko du Jaurlaritzak. Urtarrilean lanuzteak egingo dituzte ostegunero.

2011ko abenduaren 20a
20:19
Entzun

Erabakia hartu dute langileek: greba egingo dute bihar Bilboko Metroan. Goizeko bileran erabakitakoa berretsi berri dute arratsaldeko txandan. Zerbitzuen %48 gutxienez eman beharko dituzte bihar. Eusko Jaurlaritzak %70erainoko gutxienekoak ezarri zituen, baina eguerdian EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du erabakia, grebarako eskubidea urratzen duelakoan. Agindu du asko jota %48koak izan behar dutela zerbitzuek, eta Jaurlaritzak men egin dio erabakiari, helegitea iragarri duen arren. San Tomas eguna, jendetza izango da bihar Bilbon.

Protestei buruzko asanblada izan dute bi txandatan metroan. Goizean, hiru ordu egin dituzte bilduta ehun langile inguruk, eta erabaki dute greba egitea. Arratsaldean berretsi egin dute erabaki hori. Eta gehiago iragarri dituzte: urtarrilean, ostegunero lanuzteak egingo dituzte: 5ean eta 19an, hiru ordukoak (09:45etik 12:45era), eta 12an eta 26an, bi ordukoak (05:45etik 07:45era). Astearteetan beste era bateko mobilizazioak egingo dituzte

Jaurlaritza ez da konforme gutxieneko zerbitzuak %48 izatearekin. Haren arabera, bihar ezin izango dute bermatu jende oldea metroan ibili ahal izatea; San Tomas eguna dela aintzat ez artesa egotzi dio Jaurlaritzak EAEko auzitegiari. Sindikatuen aurka ere jo du: bidaiariak “bahitu” nahi izatea leporatu die. Erabakiaren aurkako helegitea iragarri du Jaurlaritzak. Gutxieneko zerbitzuak %60an jarri zituen, eta puntako orduetan, %70ean. Auzitegiak dio, ordea, grebarako eskubidea urratzea litzatekeela hori. Lan Sailak auzitegiak ezarritako gehienezko muga bere egin du: zerbitzuen %48 emateko agindu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.