Greba eguna Grezian eta zauritu ugari Turkian Langileen Egunean

2013ko maiatzaren 1a
14:30
Entzun

Hainbat herrialdetan egin dituzte protestak Langileen Nazioarteko Egunaren harira. Grezian, datorren astera atzeratu dute Langileen Eguna, pazko ortodoxoarekin bat egiten zuela eta. Halere, gaur greba eguna dute, gobernuak egindako murrizketen kontra.

Lanuzte ugari egin dituzte garraio publikoetan; esaterako, Atenasko metroak ez du lanik egingo gaueko bederatzietara arte. Erietxeetan, berriz, gutxieneko zerbitzuak ematen dituzte soilik, eta hiriburuko farmaziak itxita daude. Andonis Samaras Greziako gobernuburuak Europako banku Zentralarekin, Europako Batzordearekin eta Nazioarteko Moneta Funtsarekin neurri ekonomikoak adostu eta hiru egunera egiten ari dira greba.

Turkian, berriz, pertsona ugari zauritu dira protestan ari ziren herritarren eta polizien arteko liskarretan. Taksim plazarako sarrera galarazi dute 20.000 poliziak, eta istiluak izan dira. Ankarak debekatu egin ditu aurten Maiatzaren 1eko protestak, argudiatuta Taksim plaza oinezkoentzako bihurtzeko lanetan ari direla eta ezin dela bertan jendetza batu.

1977ko maiatzaren 1ean 36 pertsona hil zituen Poliziak, 500.000 pertsona inguruko manifestazio bati oldartuta. 1980ko estatu kolpea eta gero, plaza hori aldarrikapenetarako erabiltzea debekatu zuten.

Espainian, milaka lagun batu dira Madrilen bestelako enplegu politikak eskatzeko. CCOO eta UGT sindikatuetako buruzagiek "akordio nazional bat" aldarrikatu dute eredu ekonomikoa aldatzeko eta lanpostuak sortzeko. Candido Mendez UGTko idazkari nagusiak oroitarazi du sei milioi langabetik gora daudela Espainian, eta erantsi du "inflexio puntu bat" izan behar duela zifra horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.