“Mobilizazio masiboek erakutsi zuten elkarrekin daukagun indarra”. Arrakastaren arrazoia “elkarlana” eta herriz herri sortutako “antolakuntza sarea” izan direla adierazi dute Euskal Herriko mugimendu feministako kideek. “Oinarritik antolatu gara, modu ireki, autonomo eta deszentralizatu batean; eta ezberdinen arteko elkarlanak ahalbidetu du greba feminista aurrera eramatea”, esan du Matixa Otero Muruak. Erdietsitako lorpenak politizatzeko eta eraldaketarako subjektu aktibo bihurtzeko prozesu bat abiatuko dutela jakinarazi dute.
Greba egunean kaleak bete zituzten emakumeak zoriondu dituzte, eta eskerrak eman dizkiete egindako lanarengatik. Emakumeen aniztasunaz jabetzeko eta norberaren pribilegioak errebisatzeko baliagarria izan zela gaineratu du Otero Muruak: “Zeharkatzen gaituzten pribilegioen ardura hartzeko beharraz konturatu gara, batez ere arrazismoaren eta kolonialismoaren aurkako mugimenduek egindako ekarpenei esker”.
Bestalde, alderdi politiko eta sindikatu batzuek “grebaren arrakasta bereganatu” nahi izatea kritikatu dute: “Greba kritikatzetik, babes keinu hutsalak egitera pasatu dira, baita gure borroka lideratzen saiatzera ere; interes elektoralengatik egindako babes keinu horiek salatu nahi ditugu”. Zentzu horretan, martxoaren 8ko arrakastaren ondorioz “ahoa hitz politez bete” zuten erakundeei erantzukizuna eskatu diete: neurri eta ekintza politikoak.
Aurrera begira, proposamen politikoak zehazteko prozesu bat abiatuko dutela jakinarazi dute, oinarria herri eta auzoetan izango duena. Besteak beste, zaintza, bizi denbora, lana, langile mugimenduaren borrokak eta militantzia politikoaren inguruko hausnarketak landuko dituzte. “Martxoaren 8an mundua gelditu genuen, eta orain mundu hori eraldatzera goaz”.