Bizkaibuseko langileek mobilizazioekin jarraitu zuten atzo. Bi orduko lanuzteekin hasi ziren joan den astean, eta aste honetan 24 ordukoei ekin diete. Asteleheneko greba egunean bezala, atzo ere %30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri zituzten.
ELAk jakinarazi zuen "erabatekoa" izan zela grebaren erantzuna, eta Bizkaiko Foru Aldundiari kritika egin zion arazoaren inguruan "desagertuta" egoteagatik; oroitarazi zioten gatazkaren aldeetako bat dela bera. Soilik gutxieneko zerbitzuetako autobusak izan ziren lanean, eta zerbitzu horiek "zorrotz" bete zirela gaineratu zuen sindikatuak.
Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi zuenez, bi autobus eraso zituzten goizean, eta 1.000 euroko kalteak eragin zituzten. Diputazioaren arabera, harriak jaurti zituzten autobusen aurka, eta horietako batean bidaiariak zihoazen.
Lanuzte gehiago
Egun osoko lehen greba ere arrakastatsutzat jo zuten sindikatuek. Haien arabera, langileen %100ek bat egin zuten deialdiarekin, eta aldez aurretik finkatutako gutxieneko zerbitzuetako autobusak baino ez ziren ibili.
Hilaren 13, 15, 17, 20, 21, 23 eta 24an ere egun osoko lanuzteak egingo dituzte; gatazkak irauten badu, baina, greba mugagabeari ekingo diote langileek urriaren 27tik aurrera, UGT, CCOO, ELA, LAB eta LSB sindikatuek deituta.
Iazko udazkenean ere mobilizazioak egin zituzten Bizkaibuseko langileek. Gatazka urriaren 4an amaitu zen, diputazioak eta ELA, UGT, CCOO eta LSB sindikatuek akordioa sinatu zutenean. Akordio hartan aldundiak konpromisoa hartu zuen langileen amortizazioa ez onartzeko eta orduan zeuden lanpostu guztiak mantentzeko. Sindikatuek uste dute diputazioak ez duela bete akordio hori.