Greba hasi dute NUPen irakasletza ikasten ari direnek

Izena goizerako emanda ere, arratsaldez izango dituzte eskolak guztiek, goizerako ez baitaukate ez irakaslerik ez gelarik

Erredakzioa
Iruñea
2012ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Joan den ostiralean ikasturte hasierako ekitaldian izandako istiluen ostean, giroa ez da baretu NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Irakasle ikasketak egiten ari diren estudianteak hasi dira orain protestan. Salatu dute goizeko eskolak kendu egin dizkietela izena eman ondoren, eta ikasturtea hasteko egun gutxi falta zirela eman zietela horren berri. Arratsaldez joan beharko dute guztiek, eta ohartarazi dute batzuek utzi egin beharko dutela unibertsitatea, lanean ari direlako edo beste eginbehar batzuk dauzkatelako. NUPek dio lekurik ez dagoela goizean eskolak emateko, eta irakaslerik ere ez. Ehundik gora ikaslek eman zuten izena goizerako. Ez dira eskoletara joango; greba mugagabean daude.

Ikasleek murrizketekin lotu dute goizeko eskolak kendu izana. Izatez, aurreko ostiralean ere protesta egin zuten irakasle ikasketetako estudianteek; Polizia gogor oldartu zitzaien. Nolanahi ere, protestekin aurrera segitzea erabaki dute ikasleek: sinadura bilketa bat hasi dute, eta kanpatuta daude herenegundik unibertsitate atarian. Aurreko ostegunean hastekoak zituzten eskolak. Ikasleen esanetan, ordea, «bideraezinak» dira ordutegi berriak: pagatutako ikasgai bat baino gehiago aldi berean dituztela azaldu dute.

Ikasleek salatu dute ez dela bidezkoa haiek pairatzea «kudeaketa txarraren ondorioak». Baliabide falta izan da arrazoia, NUPen arabera: gelak eta irakasleak falta dira. Estudianteek diote ikasleek ez, unibertsitateak protestatu beharko lukeela mozketen aurka.

Agerraldia parlamentuan

Aurreko ostiralean Foruzaingoak NUPen izandako jokabideari buruzko eztabaidak, berriz, aurrera jarraitzen du. Nafarroako alderdi sozialistako gazteek salatu dute «neurriz kanpokoa eta toleraezina» izan zela polizien oldarraldia. PSNren ildo ofizialetik aldendu egin dira gazteak, beraz: herenegun, parlamentuan, Foruzaingoak izandako jarrera salatzeko mozio bat aurkeztu zuten, baina polizien jarduna salatzeko puntuan abstentziora jo zuen PSNk. Bilduk, NaBaik eta Ezkerrak bat egin zuten arren, proposamenak ez zuen aurrera egin.

NUPeko istiluak hizpide izango dituzte bihar ere parlamentuan. Bilduk eskatuta, Poliziari zer agindu zion argitu beharko du Javier Morras Barne kontseilariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.