Greba ikastetxe publikoetan, Jaurlaritzak jarrera aldatu ezean

Hezkuntza Sailak dio hitz egiteko beti prest egon dela eta itxialdia «tokiz kanpo» dagoela . Lehenbizikoa, ez azkena EAEko irakaskuntza publikoko langileek itxialdia egin zuten atzo Gasteizko Hezkuntza Ordezkaritzan; mobilizazio egutegia hasi dutela adierazi zuten.

ASIER ITURRIAGAETXEBARRIA BILBO ESTITXU
2006ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Ikastetxeetan ez da giro aspaldian. Jaurlaritzak negoziazio kolektiboari behar bezala heltzen ez diola salatu eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetan ikasturte hasiera beroa izango zela aurreratu zuten EILAS, LAB, ELA eta UGT sindikatuek -CCOO izan ezik, beste guztiek- aurreko ekainean, eta orduan esandakoa betetzen ari dira. Atzo itxialdia egin zuten 100 irakasle inguruk Gasteizen Hezkuntza Sailak daukan ordezkaritzan. Prest duten mobilizazio egutegiko lehenengoa izan zela ohartarazi zuten. Lanuzteak ere badaude egutegi horren barruan. «Jaurlaritzak jarrera aldatzen ez badu, lanuzteak egingo ditugu. Noiz? Eguna ez dago urrun», esan zuen Pedro Matxo EILASeko kideak. «Hiruhileko honetan izango dira», zehaztu zuen LABeko Jon Urrusolok.

Negoziazio kolektiboaren negoziazioa dago horren guztiaren atzean. Euskal Autonomia ErkidegokoLehen Hezkuntzako eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleek hitzarmen kolektiboa berritu gabe dute 2003. urtetik; hau da, 2002. urteko akordioa dago oraindik indarrean. Orduz geroztik, 26 bilera egin dituzte Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta sindikatuek. Baina emaitza onik ez dute lortu. EILAS, LAB, ELA eta UGT sindikatuek esan zuten Jaurlaritzak «jarrera itxia» izan duela bilera horietan guztietan, «harrokeriatik hurbil».

«Legezko prozedura batzuk bete ahal izateko ere erabili dituzte bilera horiek Hezkuntzakoek; esaterako, lan eskaintza publikoak aurrera ateratzeko», salatu zuen Matxok. Are gehiago, denbora horretan sindikatuek mahai gainean jarri dituzten proposamen guztiek Administrazioaren ezezko biribila jaso dute. «Hori ezezko erantzuna jaso dugunean. Guk orain bi urte pasatxo aurkeztu genituen proposamen bateratuak, eta oraindik ez dugu erantzunik jaso. Gauza jakin batzuez ez dute hitz egin nahi».

Horrezaz gainera, Jaurlaritzak sindikatuei egin dizkieten proposamenak «atzerapausoak» direla uste dute sindikatuek. Azpimarratu dutenez, egun indarrean dauden puntu batzuk ez ditu indarrean jarri Hezkuntza Sailak -55 urteko irakasleen lanaldi murrizketa, adibidez-, eta orain, sindikatuek eskaera hori egiten dutenean, Hezkuntzak ez du onartzen. «Aldez aurretik onartutako akordioan jasota dauden puntuak praktikan ez jartzea eta orain horietaz ezer hitz egin nahi izatea ezin da onartu», salatu zuen ELAko Xabier Expositok.

Bilerak egin arren negoziazioek aurrera ez zutela egiten ikusita, negoziazio mahaitik altxatzea eta negoziazioak apurtutzat ematea erabaki zuten sindikatuek. Ikasturte amaiera zen orduan, eta ikasturte hasieran mobilizazio handiagoak egingo zituztela aurreratu zuten. Gainera, uztailaren 21ean Jaurlaritzak amaitutzat eman zuen 20 urte baino gehiagoan indarrean egon den egonkortasun konpromisoa. Horren arabera, egonkor izatearen figura galduko dute datorren irailean 1.500 irakaslek. «Egonkortasun konpromisoa berreskuratzea oso-oso garrantzitsua da. Baina guk negoziazio oso batean sartzen dugu hori», adierazi zuen Urrusolok. Haren hitzetan, Tontxu Campos Hezkuntza sailburua «nora ezean» dabil kargura iritsi zenetik. «Ez da irakasleen kolektiboa bakarrik haserre dagoena; garbitzaileen eta sukaldarien eta hezkuntza bereziko irakasleen gaiak ere oraindik konpondu gabe daude».

Camposi ez ezik, EAri neurriak hartzeko eskatu dio. «Hezkuntzan neurriak indarrean ipintzeko, dirua behar da. Eta guztiok dakigu azken urteotan gutxitu egin dela hezkuntzara bideratutako dirua, BPGrekin alderatuta». Antzeko bidetik jo zuen ELAko Expositok: «Gizarte zerbitzuetarako politikan, dirua murrizten ari da Jaurlaritza. Osakidetza da adibide bat, eta bestea hezkuntza sistema izan daiteke. Jaurlaritzak dio negoziatzeko prest dagoela, baina egun dagoena baino gutxiago eskainiz».

BILERA JAURLARITZAREKIN ATZO. Arabako Hezkuntza Ordezkaritzan egin zuten itxialdiak «ezustean» harrapatu zituela aitortu zuen Hezkuntza Sailak. Egoera ikusita, sindikatuak presazko batzar batera deitu zituzten Lakuara. Sindikatu bakoitzeko kide bana sartu zen, eta bertan berriro azaldu zioten Hezkuntzari -Pablo Larrauri Administrazio eta Zerbitzu sailburuordea eta Itziar Garaizar Langileriaren Kudeaketarako zuzendaria izan ziren Administrazioaren ordezkariak- zeintzuk diren aldarrikapenak. Besteak beste, egonkortasun konpromisoa berreskuratzeko eskatu zioten sindikatuek Jaurlaritzari. Irailean, egonkortasun izaera galduko dute 1.500 irakaslek, eta ordezko irakasleen zerrendetara igaroko dira. Matxok azaldu zuenez, irakasleentzat ez ezik, ikastetxeei eta ikasleei eragingo die neurri horrek. «Hainbat urtean irakasle berberak izatea eragiten du egonkortasun konpromisoak, eta horrek hezkuntza proiektuak eta antzekoak garatzea posible egiten du. Egonkortasuna galduta, irakaskuntzaren kalitatean eragiten da».

Egonkortasun konpromisoa berreskuratzea da aldarrikapenen artean adierazgarriena, baina badaude beste batzuk: irakasle/ikasle ratioak txikitzea, 55 urtetik gorako irakasleentzako lanaldi murrizketak, figura profesional berriak sortzea eta abar.

Hezkuntza Sailak laster egingo diren hauteskunde sindikalen testuinguruan kokatu zuen atzoko mobilizazioa. Hezkuntzarentzat ez dira onargarriak sindikatuek egiten dituzten aldarrikapenak. «Egoera errealetik abiatuta proposamenak egiteko eskatu digute», azaldu zuen Matxok. Gero, Hezkuntza Sailak bidalitako oharrean esan zuenez, ezin dira heldu sindikatuen proposamenetara. Dena dela, negoziatzen jarraitzeko prest azaldu ziren. «Ez dugu ahaztu behar sindikatuek beraiek eman zituztela negoziazioak amaitutzat joan den ekainean. Baina gu negoziatzeko prest gaude». Gainera, Jaurlaritzak zehaztu duenez, 55 urtetik gorakoko irakasleentzat lanaldia murrizteko proposamena Legebiltzarrak bota zuen atzera.

Atzo deitutako presazko bilerak eman zuen emaitza ikusita, mobilizazio egutegiarekin jarraitzea hitzartu zuten sindikatuek. Horrenbestez, eta egoera aldatzen ez bada, baliteke hurrengo asteetan lanuzteak izatea ikastetxe publikoetan.

«Sindikatuek eskatzen dutena ezin dugu bete; proposamenak errealitatetik abiatuta egin behar dituzte»

eusko jaurlaritzako hezkuntza saila
«Jaurlaritzak orain arteko jarrerari eusten badio, lanuzteak egingo ditugu. Noiz? Eguna ez da urrun»

pedro matxoEILAS

SInDIKaTuen esKaeraK

Egonkortasuna. Egonkortasun konpromisoa bukatzea erabaki zuen Hezkuntza Sailak joan den uztailaren 21ean. Orduan, 1.500 irakaslek zuten egonkor izaera. Erabakia bere kasa hartzea gaitzetsi dute sindikatuek, eta egonkortasun konpromisoari eusteko eskatu. Diotenez, hezkuntza sistemak daukan «egiturazko beharra» da. Irailean ordezko irakasle arrunt bihurtuko dira orain arte egonkor izandakoak.

Lanaldi murrizketak. 55 urtetik gorako irakasleek lanaldi murrizketak egin ahal izatea. 2002ko lan hitzarmenean jasotzen zen hori, baina Hezkuntza Sailak ez du inoiz indarrean jarri.

Ratioak txikitzea. Hezkuntza Sailak zenbait ikastetxetan ez du errespetatzen indarrean dagoen irakasle/ikasle ratioa, sindikatuek salatu dutenez. Dena dela, ratio hori txikitu egin behar dela uste dute. Ikastetxe bakoitzak dauzkan ikasleen araberakoa izan behar duela azaldu dute.

Soldata igoera. Azken 10 urtean irakasleen erosteko ahalmena %15 jaitsi dela salatu dute sindikatuek. Soldata igoera progresiboa egiteko eskatu dute. Lehen Hezkuntzako irakasle funtzionarioek 29.025 euro irabazten dituzte urtean; katedradunak ez diren DBHko irakasleek, 33.760 euro, eta katedradunek, 37.637 euro, eta LHko irakasleek, 33.450 euro.

Figura profesional berriak. Hezkuntza sistemaren egungo beharrizanetara egokitzen diren figura profesional berriak sortzeko eskatzen dute sindikatuek. Esaterako, teknologia berriei lotutako irakasleen edo etorkinekin lan egiten duen irakasle adituaren figura profesionalak sortzeko eskatu dute.

Lehenbizikoa,

ez azkenaEAEko irakaskuntza publikoko langileek itxialdia egin zuten atzo Gasteizko Hezkuntza Ordezkaritzan; mobilizazio egutegiahasi dutelaadierazi zuten.estitxu ugarte

Gasteiz

Okupazioa eta itxialdia. Hori izan da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako irakaskuntza publikoan diharduten langileek ikasturte hasi berri honetan antolatu duten lehenbiziko protesta ekintza. Haatik, ez da azkena izango.

Atzo, 11:00etan, Gasteizko Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Ordezkaritzan hitzordua zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako irakasleek eta heziketa bereziko eta zerbitzuetako langileek. Bulegoaren aldamenean dagoen plazan, Arka plazan, ordua heltzeko irrikan zeuden 10:45ean ehun bat lagun. Pankarta eta kartelak euripetik ezkutatzen ibili ziren, eta ordua heldu bezain pronto Hezkuntza Ordezkaritzara jo eta arrapaladan sartu ziren. Ezkutaturiko pankarta zabaldu, kartelak banatu eta itxialdia hasi zuten. Txilibituekin giroa berotzen saiatu ziren. Itsasgarriak ere eskuz esku pasatu zituzten UGT, EILAS, LAB eta ELA sindikatuetakoek.

Protestaren zioa pankartan eta Hezkuntza Ordezkaritzaren paretetan itsatsitako karteletan irakur zitekeen: 'Aski da. Akordio duinak orain', 'Sukalde eta garbitasuneko langileen soldatak parekatu'.

Leloen atzetik, Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza publikoaren langileen egoera «jasangaitza» dago. Hala adierazi zuten, behintzat, LAB sindikatuko kide Idoia Ormazabalek eta Yolanda Folgosok, EILASeko Koldo Martinek eta ELAko Koldo Lekunberrik. Ormazabalek urte luze daramatza heziketa berezian, eta, azaldu duenez, azken urteotan lan baldintzetan eta langileen eskubideen arloan atzera egin dute. «Gizarteak ulertu behar du hau ez dela une jakin batean sortzen den egoera, baizik eta azken urteotako atzerapausoen ondorioa. Azken finean lan hitzarmena gure baldintzak hobetzeko tresna bakarra da, eta negoziazioa egon ezean, gure lan baldintzek okerrera egingo dute».

Folgoso zerbitzuetako langilea da, baina heziketa bereziko langileen aldarrikapen nagusiak bere egin zituen. Alegia, soldaten igoera, lanaldiaren murrizketa eta ratioen jaitsiera. Gainera, azaldu zuenez, egoera berezia dute bi sektore horietan. «Hezkuntza berezia eta zerbitzuak dira udaldian soldata jasotzeko eskubiderik ez duten kolektibo bakarrak irakaskuntzan. Ikasturtea amaitzen da, eta ezin dugu lan egin. Gainera, askok eta askok ez dugu langabezia saria kobratzeko aukera».

Bestelakoa da irakasleen egoera, baina protestak batu egin ditu irakaskuntza publikoaren langile guztiak. Martin eta Lekunberri, hurrenez hurren, bi urtez eta bi urte eta erdizaritu dira egonkortasun egoeran lan egiten. Hala ere, aurretik urte dezente zeramatzaten biek eskolak ematen. «Egonkortasuna urte luzeko borrokaren ondorioa da, eta hainbat eskubide aitortzen dizkigu irakasleoi. Dekretuz, eskubide guztiak galdu ditugu», azaldu zuen Martinek.

Erabakia, gainera, irakaskuntza sistema publikoaren kalterako dela uste du Martinek. «Izan ere, egonkortasunari esker emaitza hobeak lortu ahal izan ditugu. Horregatik, eraso zuzena da, ez soilik irakasleentzat, baita eskola publikoarentzat ere». Lekunberrik, berriz, gogor kritikatu zuen Hezkuntza Sailaren jarrera, «aitzakiak baliatu dituelako langileen eskubideak urratzeko».

Aldarrikapen horiek guztiak, itxialdia amaitu ostean, Jaurlaritzaren Lakuako egoitzara eraman zituzten langileek, han jaso baitzituen Hezkuntza sailburuak. Ertzaintzak itxialdia zaindu bai, baina ez zuen desegiteko baimenik jaso, eta alde egin zuen.

«Gizarteak ulertu behar duegoera hau azken urteotako atzerapausoen ondorioa dela»

idoia ormazabalhezkuntza bereziko langilea«Egonkortasuna galtzea eraso zuzena da, ez soilik irakasleentzat, baita eskola publikoarentzat ere»

koldo martinirakaslea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.