Gipuzkoa

Greba mugagabea hasi dute 26 zahar etxetan

ELAren arabera, langileen %82k egin dute bat lanuztearekin.

urtzi urkizu
2013ko maiatzaren 13a
19:31
Entzun

ELAk greba mugagabera deitu du Gipuzkoako zahar etxeetan. Adineko 2.800 pertsonari eragingo die grebak, gaurtik aurrera. Eusko Jaurlaritzak %50eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu; %60ekoak izango dira otorduetan eta adinekoak oheratzerakoan. Gauean %100ekoak izango dira gutxieneko zerbitzuak. ELAk esan du Adegi "deabrua" dela langileentzat, eta Lares kritikatu du, Gipuzkoako Diputazioari "presioa egitea" leporatu diolako. Grebarekin batera, kanpaldia hasi dute goizean Donostiako Bulebarrean.

Hasieran, 2.900 langile zeuden grebara deituta. Baina asteburu honetan akordiorako oinarria lortu dute ELAk eta LABek Eulen eta Zu eta Biok enpresekin. Zazpi herritako zahar etxeak eta eguneko zentroak kudeatzen dituzte aipatutako enpresek. Hala, egoitza horietako 750 langileek ez dute grebarik egingo.

LABek, bestalde, sei greba egun iragarri ditu Gipuzkoako zahar etxeetan, Adegiri eta Laresi eskatzeko Gipuzkoako Diputazioaren proposamena onartzeko.

Bizkaian ere gatazka dago zahar etxeetako eta sindikatuen artean. Sindikatuek elkarretaratzera deitu dute biharko Bilbon, 12:00etan, Cebek patronalaren egoitzaren aurrean.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.