ZAHARREN EGOITZAK

Greban ari ziren hogei langile kaleratu dituzte Donostiako zahar etxe batean

ELAk jakinarazi duenez, lan baldintza "duinak" lortzeko greba hasi zuten hogei langile kaleratu ditu Adegik, Donostiako Berra egoitzan. Uztailaz geroztik era guztietako "mehatxu eta bortxak" pairatu dituztela salatu dute langileek. Konponbide bat lortu ezean, grebari eutsiko diote.

Oihan Vitoria.
2013ko urriaren 3a
18:18
Entzun

Gipuzkoako zahar etxeen aferak puri-purian jarraitzen du eta, dagoeneko %97k hitzarmena sinatu badute ere, Donostiako Berra egoitzan greban zeuden hogei langile kaleratu dituzte Sar Quavitae enpresak eta Adegik.

Langileak berehala onar ditzala eskatu du ELA sindikatuak, eta ez duela xantaiarik onartuko gaztigatu dio Adegiri. Gainera, akordiorik lortu ezean, grebarekin jarraituko dutela ohartarazi du negoziazio kolektiboko arduradun Joseba Villarrealek: "Ez dugu amore emango, eta beharrezkoa bada borroka areagotuko dugu gure eskubideen alde".

Zaharren egoitzen lan gatazkak 2012ko urrian du abiapuntua; orduko negoziazioetan adostasunik lortu ez zutenez, langileek greba mugagabeari ekin zioten iragan maiatzean. Azken hilabeteotan, ehunka langile lan baldintza "duinen" alde borrokan aritu dira, adineko pertsonek "kalitatezko zerbitzua" merezi dutelakoan.

Enpresa eta langileen arteko hartu-emana gatazkatsua izan bada ere, une honetan egoitzen %3 besterik ez dira falta hitzarmenarekin bat egiteko. Halere, oraindik badira grebari eusten dioten hiru egoitza: Berra, Villa Sacramento eta San Ignacio, hirurak Adegiko enpresen esku daudenak, hain justu.

Uztailetik hona, Sar Quavitae enpresa eta Adegi grebalarien aurkako "plan estrategikoan" murgilduta dabiltzala esan du ELA sindikatuak. Ildo beretik, langileek salatu dute mota orotako "mehatxuak eta bortxak" jasan behar izan dituztela, bai "hitzez" eta baita "burofax" bidez ere.

"Terrorismo laboral hutsa" egitea leporatu dio ELAk Adegiri, eta horren aurka mobilizazioak antolatu ditu datorren astera begira. Astelehenerako agerraldia deitu dute Altzan, Berra zahar etxearen kanpoaldean; eta urriaren 11n, berriz, elkarretaratzea egingo dute Donostiako auzitegiaren aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.