Gizartea

Greban izan dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetako jangeletako langileak

Zerbitzu hori gabe geratu dira gaur milaka familia. Azpikontratatuta dauka Jaurlaritzak jangeletako zerbitzua, eta baldintza hobeak eskatzen dituzte langileek.

2010eko martxoaren 9a
18:41
Entzun
Astean bitan lanuzteak egiteko dinamikarekin segituz, greba egin dute gaur Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kudeaketa zuzeneko eskoletako jangeletako langileek. LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek egin dute deialdia, eta 55.000 umeri eragin die.

Urtebete baino gehiago igaro da kudeaketa zuzeneko jangeletan gatazka hasi zenetik. Geroztik, sektoreko 3.500 langileek bederatzi greba egin dituzte, eta, sindikatuen arabera, deialdiek erantzun handia izan dute. Urtarrilaren 17an, esaterako, azken greba eguna, greba langileen %90ek egin zutela diote. Jangela zerbitzurik gabe geratu ziren orduan 55.000 eskola ume. Sindikatuen arabera, greba egunen ostean ez dute negoziatzeko «inolako eskaintzarik» jaso. Lan itunik gabe ia bi urte daramatela gogoratu dute.

Barkamena

Sindikatuetako ordezkariek barkamena eskatu nahi izan diete grebek kalte egin dieten gurasoei, baina ez dutela beste konponbiderik aurkitu argitu dute: «Greba da Eusko Jaurlaritzak eta enpresek utzi diguten aukera bakarra». Izan ere, salatu dutenez, bai enpresek bai Eusko Jaurlaritzak ez dituzte langileen aldarrikapenak aintzat hartu. Bost eskaera nagusi egin dituzte: jangeletako zaindari bakoitzak haur gutxiago izatea bere zaintzapean; formazio ikastaroak egitea; txostenak egiteko, lanorduak luzatzea, eta soldata Eusko Jaurlaritzako langileenarekin parekatzea.

Gutxieneko zerbitzuei dagokienez, sindikatuak kritiko agertu dira Eusko Jaurlaritzak orain arte izan duen jarrerarekin. Zuriñe Andres LABeko ordezkariaren arabera, aurreko deialdietan jangeletan «begiraleen errotazioa» egin dute eta «gertaera larriak» izan dira. Esaterako, alergiengatik edo gaixotasunengatik arreta berezia behar duten haurrek beren egoeraren berri ez duten begiraleen zerbitzua jaso dute. Andresek azpimarratu duenez, jangelak ez dira «ezinbesteko zerbitzua» gizartearentzat, eta gutxieneko zerbitzuak ezarrita haurren osasuna «arriskuan» jar daiteke.

Konpondu ezean, ostegunean, martxoaren 11n, dute jarrita hurrengo greba eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.