Osakidetzako sindikatuek mobilizazioen egutegiarekin jarraitzen dute. Gipuzkoako langileak grebara deitu dituzte gaur egun osorako. ELAk ohar baten bidez salatu duenez, "salbuespena" izan dira hainbat zerbitzutan eta eskualdeetako ia ospitale guztietan greba egiteko aukera izan duten langileak, eta osasun zerbitzu publikoa "indartu" nahi dutenen ahotsa "isilarazi" nahi izatea egotzi diote Osakidetzako zuzendaritzari. Eguerdian manifestazioa egin dute langileek Donostiako kaleetan.
Osakidetzaren arabera, %6,7ko babesa izan du deialdiak goizean. Jon Etxeberria zuzendariak "hausnartzeko" deia egin die sindikatuei, guztien mesederako izango diren akordioak lortzen ahalegintzeko. Satse, ELA, LAB, Medikuen Sindikatua, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek salatu dutenez, ordea, Osakidetzak ez du negoziaziorako "borondaterik" erakutsi; langileen ordezkariek, berriz, negoziatzeko nahia berretsi dute.
Hala ere, lan baldintzak hobetu ezean, mobilizazioekin jarraitzeko asmoa dute. Bizkaiko langileak hilaren 27an deituko dituzte egun osoko grebara —Arabakoak hilaren 13an deitu zituzten—; abenduaren 4an, berriz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak.
Urteotan galdutako enplegua berreskuratzea da protesten helburu nagusia; aurreko urteetan 3.000 lanpostu galdu direla diote, behin-behinekotasuna oso zabalduta dagoela eta horri buelta emateko 1.200 postuko deialdi publiko bat behar dela.