Greziaren eta troikaren proposamenak

2015eko ekainaren 24a
16:42
Entzun

2015 eta 2016 urteetan ia 8.000 milioi euroko doikuntza egitea proposatu die Greziako gobernuak troikako erakundeei. Greziako BPGren %4,4 inguru da. Hauek dira neurri nagusiak:

- Pentsioak: 2.525 milioi aurreztea pentsioetarako kotizazioak eta pentsiodunek osasun sistemari egiten dioten ekarpena handituta. Era berean, erretiro aurreratuari muga handiagoak jarri nahi dizkio.

- BEZ zerga: Hiru tasa ezberdin. Tasa supermurriztuta %6an liburu, sendagai, eta ikuskizunen txarteletarako. %13ko tasa janari fresko, argindar, hotel, eta elikagai zerbitzuetarako. %23 gainerako produktuentzat. 1.800 milioi gehiago biltzea espero du horrekin. Uharteek duten BEZ tasa murrizteko aukera ere jarri da mahai-gainean, baina Syrizaren gobernu bazkidearentzat, ANELentzat, marra gorria da hori.

- Enpresak: Sozietate zerga %26tik %29ra igo nahi die gobernuak enpresei, urtean 100.000 eurotik gorako irabaziak badituzte. 500.000 eurotik gorako irabaziei ere %12ko tasa berezia ezarri nahi die. Luxuzko produktuen zergak ere handituko lirateke. 2.324 milioi eskuratuko direla kalkulatu du.

- Defentsa: Defentsa gastuari 200 milioi kenduko dizkio gobernuak, datorren urtean.

Azken minutuetan filtratu den agiriaren arabera, hauek dira kreditu emaileek — EB, NDF eta EBZ — aurkeztu duten kontraproposamenaren ildo nagusiak:

- BEZ zerga: Erreformak urteroko diru sarrerak %1 handitu beharko ditu (%0,74 eskaini du Greziak). Tasa orokorra %23 izango da. Murriztutako tasa %13 izango da prozesatu gabeko janari, energia, ura, eta hotelentzat. Catering eta jatetxeen BEZa %23 izango da (%13 zen proposamenean). %6ko tasa murriztua izango dute botikek, liburuek, eta antzerkiak. Uharteek dituzten murrizketak ezabatu beharko lirateke, eta beste salbuespen batzuk ere bai, zerga oinarria handitzeko.

- Pentsioak: Erretiro adin ofiziala 67 urtera igoko da 2022 urterako (Gobernuak 2025 eskatzen zuen). Erretiro aurreratua 62 urterekin posible izango da, baina soilik 40 urte kotizatuta. Pentsiodun txiroenei emandako osagarria 2017. urteko kendu beharko litzateke (2018 nahi zuen gobernuak). Gobernuak proposatutako kotizazio igoera gehienak ez dituzte babesten.

- Enpresak: Sozietate zergaren tasa %26tik %28ra igotzea (ez %29). 500.000 eurotik gorako irabaziei aurten zerga berezia jartzea ez dute onartzen. Luxuzko itsasontziei zergak igotzea ontzat jo dute.

- Defentsa: Defentsa gastuari are eta murrizketa handiagoa egitea proposatu dute troikako erakundeek: 400 milioi euro, gobernuak nahi duenaren halako bi.

Aurrekontu helburuetan, behintzat, bat datoz bi aldeak. Superabit primarioak — diru sarrerak ken gastuak, interesak alde batera utzita — %1 izan beharko du aurten, %2 2016an, %3 2017an, eta %3,5 2018an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.