OSASUNA

Gripe kasuek erruz egin zuten gora iragan astean EAEn

Hala ere, Jaurlaritzak ohartarazi du kasuen tasa joan zen urteko gehienezko tasaren oso azpitik dagoela

GASTEIZ
2003ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Joan zen astean inauguratu zen denboraldia gripearentzat Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Nafarroan gertatu zenaren bide beretik, urriaren 27tik azaroaren 2ra bitarteko astean osasun zerbitzuak bete egin ziren eta gora egin zuen nabarmen gaixotasunaren eraginak: aipatutako astean 288 kasu atzeman ziren 100.000 biztanleko (aurreko astean baino 130 gehiago). Gainera, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko arduradunen ustez, oso litekeena da datozen bi asteetan gorakadari eustea. Hala ere, noraino hel litekeen zehaztea baztertu dute.Edozein kasutan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako osasun agintaritzak ohartarazi du gaur egungo tasa urrun dela oraindik joan zen denboraldian izandako gehienezko kopurutik. Izan ere, 2002-2003 kanpainan 363 kasuko goia jazo zen. Adituen esanetan, gripeak eragin txiki samarra izan zuen denboraldi horretan.

2001-2002 denboraldiko gripea, adibidez, nahiko gogorra gertatu zen, eta orduan eritasunak goia jo zuen 856 kasuko tasarekin. Beraz, Eusko Jaurlaritzak uste du oraingoz gripearen eraginaren hastapena besterik ez dela jazo. Gainera, iazko indizeen azpitik dabil eta beste urte batzuetako kopuruetatik oso urrun, nabarmen.

%10eko hazkundea izan du txertoen kopuruak

Bestalde, hilaren amaieran baloratuko du Osasun Sailak gripearen aurkako txertaketa kanpainak aurten izandako eragina, baina, osasun arduradunek hedabide honi ezagutarazi diote %10etik gorako hazkundea izan duela 2003an txertoa jarritako pertsona kopuruak. Dena den, hori behin-behineko datua baino ez da, eta bi aste barru berretsiko du Gabriel Inclan kontseilariak berak.

Gorakadaren arrazoiak aipatzeko orduan, sendagileek, erizainek eta Gabriel Inclan sailburuak berak gripea jasateko arrisku-taldeei helarazi dizkieten gomendioak aipatzen dituzte. Nolanahi ere, oso gogoan hartzekoa da aurtengo urtearen lehendabiziko erdian pneumonia asiatikoa zela eta gizartean hedatutako alarma.Irailaren 15ean hasi ziren Hego Euskal Herriko txertaketa kanpainak, hots, Espainiako erkidegoetan baino bi aste lehenago. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan urriaren 31n bukatu zen; Nafarroan, berriz, azaroaren amaieran bukatuko da.Osasun agintzaritzarentzat, garrantzi estrategikoa dauka 65 urtetiko gorakoek nahiz adin horren azpitik arriskuan diren pertsonek gripearen aurkako txertoa jartzeak. Nafarroan guztira 102.000 txerto jartzeko aurreikuspena dute aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.