Marian Zubia. Ustez lapurtua izan zen haurra

«Gu saltzearen kontura aberastu egin ziren batzuk»

JON URBE/ ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
«Zigorra baino gehiago, jendeak nortzukdiren jakitea nahiko nuke. Delitu bat egiteaz gain, aberastu egin ziren horren kontura». Marian Zubia (Elgoibar, 1972) frankismo garaian ustez lapurtuak izan ziren umeetako bat da, eta argi mintzo da horretan aritu ziren lekaime, apaiz, mediku, emagin nahiz erizainen inguruan. «Nire bizitzaren zati bat hutsik dut haien erruz». Orain, gauza bat du buruan: familia biologikoa topatzea: «Gutxienez lagun gisa izatea nahiko nuke».

11 urterekin esan zioten gurasoek Zubiari adoptatua zela. «Ikastolako neskato batek bazuen horren berri, eta nahiago izan zuten kanpotik jakin aurretik niri kontatzea». Une hartaz gogoan duen gauza bakarra da gaua zela. «Nerabezaro arte ez nintzen hasi konturatzen zer dakarren adoptatua izateak. Adoptatu ninduten gurasoen babesa eta maitasuna nituen, eta ez nuen beste ezer behar. Haiek izan dira beti nire gurasoak». 13-14 urterekin, ordea, gauzak aldatzen hasi ziren. «Lagunek anai-arrebekin zuten harremana ikusita, barnean gabezia moduko bat sentitzen hasi nintzen». Urteak aurrera egin ahala, familia biologikoa ezagutzeko gogoa areagotu zitzaion. Baina duela 10 urte arte ez zen ikertzen hasi. «Urte askoan gatazka moduko bat izan dut barnean. Batetik, leialtasun moduko bat sentitzen nuen adoptatu ninduten gurasoekiko. Ez nuen sufritzerik nahi. Gaia tabua zen etxean. Adoptatua nintzela esan zidaten eguna izan zen horretaz hitz egin genuen egun bakarra. Baina, bestetik, nire familia biologikoari buruzko jakin-mina hor zegoen».

Adoptatuak izan diren pertsona gehienek duten behar horrek bultzatuta hasi zen ikertzen, hortaz. «Sekula ez nuen imajinatu lapurtua izan nintzenik». Hala, ama hil ostean etxeko agiriak begiratzen hasi zen. Alabaina, ez zuen ezer topatu. Handik gutxira aita gaixotu zitzaion, eta bazterrean utzi zuen asmoa. Bi urte geroago zendu zen aita. Hilabete batzuk igarota, Orioko (Gipuzkoa) gizarte laguntzailearekin jarri zen harremanetan. Hark, egin beharreko lehen urratsa azaldu zion: Gipuzkoako Foru Aldundarekin harremanetan jarri behar zuen, haiek baitute adopzioen erregistroa. «Han, baina, ez zen azaltzen adoptatua izan nintzenik. Nire izenik ez zen ageri». Berriak zur eta lur utzi zuen. Tolosako (Gipuzkoa) erregistrora jo zuen orduan, jaiotza agiria eskatzeko. Espero ez zuen beste berri bat eman zioten orduan. Berataz erditu zena ama adoptiboa zela zioen jaiotze agiriak. «Hori, baina, ezinezkoa zen ama adoptiboa antzua zelako». Tolosako Asuncion klinikarekin jarri ziren harremanetan, erditzeen liburuetan bera azaltzen zen jakiteko. Erantzuna ezezkoa izan zen. «Orduan konturatzen hasi nintzen hor zerbait arraroa zegoela».

Kasu gehiago azaltzean jarri zuen salaketa. «DNA probak egin nituen. Adopziozko izebarenarekin erkatu nituen, jaiotza agirian agertzen zena nire ama bilogokoa ez zela argitzeko. Izeba horrekin oso harreman ona dut. Beti esaten dit gurasoek esan ziotela Madrildik El Escorialetik ekarri nindutela. Nik ez dut sinesten. Pentsatzen dut medikuek aginduta esango zutela. Nire ustea da Asuccionen jaio nintzela».

Uztailean Tolosako epaile batek auzia artxibatzea erabaki zuen, ez zegoelako nahiko frogatua delitu bat zegoela horren atzean. Zubiak helegitea aurkeztu zuen, eta duela aste batzuk epaileak kasua berriz zabaltzea erabaki zuen.

Epaileak, dena den, esana du zaila izango dela eskatu dituzten diligentzia guztiak egin ahal izatea. Zubiaren emaginak, adibidez, deklaratu zuen, baina oso zaharra da, eta esan zuen ez zela erditze jakinetaz gogoratzen. «Nik ez dut sinisten halako sare batean sartuta bazegoen gogoratzen ez denik. Argi dago kosta egingo zaigula egia frogatzea, traba handiak jartzen ari baitira alde guztietatik. Umeak lapurtzen ibili zirenak indar handia zuten, eta oso ondo lotuta utzi zituzten gauzak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.