Bonba-autoa lehertarazi du ETAk goizeko hirurak aldera Legutioko (Araba) Guardia Zibilaren kuartelaren atarian, aurretik abisurik eman gabe. Ondorioz, Juan Manuel Piñuel Villalon 41 urteko guardia zibila hil da, eta kuartelean bizi ziren beste lau lagun zauritu dira -bi emakumezko eta bi gizonezko-. Zaurituetako hiru guardia zibilak dira, eta laugarrena guardia zibil horietako baten emaztea. Gasteizko Txagorritxu eta Santiago erietxeetara eraman dituzte, eta ospitaletako iturriek agertu dutenez, arriskutik kanpo daude guztiak.
P.O.V. guardia zibil emakumezkoari dagoeneko senda agiria eman diote Txagorritxun. A.M.G. guardia zibil gizonezkoa da larrien dagoena, politraumatismoekin eta barne hemorragiarekin. Txagorritxuko Zaintza Intentsiboko Gunean dago ingresatuta, baina pronostiko erreserbatua egin diote. Erietxeko iturrien arabera, garapena ikusteko ingresatu dute Zaintza Intentsiboetan, baina arriskutik kanpo dagoela uste dute. Santiago ospitalean, berriz, 41 urteko F.J.C.F. guardia zibila -ebakuntza egin diote- eta 34 urteko E.M.C. daude ingresatuta; guardia Zibilak zanpatze sindromea du, baina arriskutik kanpo legoke. Emazteak, berriz, kolpeak dauzka eta pronostiko arina du.
Atentatua egin dutenean, 29 lagun zeuden kuartelean; haien artean, bost ume. Guardia zibilen senideak Arakako (Araba) kuartel militarrera eraman dituzte.
Piñuelen hileta elizkizuna bihar izango da, Gasteizen, Katedral Berrian, 10:30etik.
'Bizkaia' komandoari leporatu diote
Polizia iturrien ustez, ETAren Bizkaia komandoak egin du gaurko erasoa, eta furgonetak 100 kilo lehergai baino gehiago zeuzkan. Javier Balza Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak adierazi du "kostatu" egingo dela ETAko kideak atxilotzea eta komandoak desegitea, "legalez osatutako azpiegitura sendoa duelako Euskal Herrian".
Jagole etxolan zegoen hildako guardia zibila
Citroen Berlingo furgoneta batean ezarri du lehergailua ETAk, eta eztanda oso handia izan da. Juan Manuel Piñuel hildako guardia zibila kuarteleko jagole etxolan zegoen bonta-autoa lehertu denean; hain zuzen ere, kuartel ondoan furgoneta susmagarri bat zegoela bere nagusiei telefonoz adierazten.
Kalte materialak handiak izan dira: kuartelaren zati bat erori egin da, zoruan zulo handi bat egin du bonba-autoak, inguruetako etxeetako kristalak hautsi dira, eta bonba-autoaren zatiak 200 metrora agertu dira. Hamabost ibilgailuk kalteak izan dituzte. Hiru kilometroko eremuan entzun da leherketa.
Auto susmagarria aurkitu dute Urkiolan
Atentatuaren egileek hiru ibilgailu erabili dituzte polizia iturriek agertu dutenez; horietako bat, martxoaren 14an Berangon (Bizkaia) lapurtutako Peugeot 306 bat, Urkiolako mendatean, Abadiñoko (Bizkaia) lurretan, aurkitu dutela jakinarazi dute. Auto hori eurek alde egindakoan su hartzeko prestatuta zeukaten atentatuaren egileek, baina huts egin du.
Agintariak Legutiora hurbiltzen hasi dira gertatutakoa bertatik bertara ezagutzeko. Besteak beste, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroa han izan da. Pedro Berriazabal Legutioko alkateak (EA) udalbatzar berezia antolatu du gaur goizean.
Guardia zibil bat hil du ETAk Legutioko kuartelean bonba-auto bat lehertarazita
Beste lau lagun zauritu dira. Goizeko hirurak inguruan zartarazi dute lehergailua, aurretik abisurik eman gabe. Polizia iturrien arabera, 100 kilo lehergai baino gehiago zituen furgonetak. Kalte materialak handiak dira. Atentatuaren egileek erabilitako auto bat Abadiñon, Urkiolako mendate inguruan, aurkitu dutela agertu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu