Guardia Zibila berriz sartu da Aroztegiaren aurkako kanpaldian, baina ez dute hustu

Guardia Zibila hirugarren aldiz joan da kanpaldiko ingurura, baina alde egin du berriz ere. Arratsaldean elkarretaratzea egin dute Lekarozen, 228 etxebizitza, hotel bat eta golf zelaia eraikitzeko proiektua gelditzeko. Proiektua geldiarazi arte, kanpaldiarekin jarraitzeko asmoa dute.

Guardia Zibila Aroztegiko proiektuaren aurkako kanpaldia egiten ari diren lekuan, atzo. IñIGO URIZ
Irati Urdalleta Lete.
2021eko apirilaren 17a
15:37
Entzun

Guardia Zibila Lekaroz herrian (Baztan, Nafarroa) Aroztegiko proiektuaren aurka egiten ari diren kanpaldian agertu da ostiral arratsaldean eta gaur goizean nahiz arratsaldean, baina ez dute kanpaldia hustu. Herritarrek «harresi bat» egin dute gaur goizean, elkarri helduta, eta guardia zibilek ez dituzte handik atera. 228 etxebizitza, hotel bat eta golf zelaia egin nahi dituzten lurretan ari dira kanpaldia egiten, proiektu hori geldiarazteko eskatuz. Helburua lortu arte kanpaldia egiten jarraitzeko asmoa daukate.

Kanpaldia ez da izango proiektua bertan behera uzteko helburuarekin egitekoak diren mobilizazio bakarra. Gaur bertan, 17:00etan, elkarretaratzea egin dute Lekarozko plazan, eta maiatzaren 15ean, 17:30ean, manifestazioa egingo dute Elizondoko plazatik abiatuta (Baztan, Nafarroa).

«Proiektu txikitzaile hau bai ala bai gelditu behar dugu», aldarrikatu dute elkarretaratzean. Proiektua Udalerriz Gaindiko Eragina duen Plan gisa bideratu izana ere gaitzetsi dute. Hori «trikimailu juridiko bat» dela ziurtatu dute, eta «interes orokorraren izenean», bertako administrazioen eta herritarren erabakien «gainetik pasatzeko eta proiektua inposatzeko», erabili dutela. Gainera, horren bidez, herritarrei lurrak eta erabakitzeko ahalmena «ebatsi» izana kritikatu dute.

Proiektua «gutxi batzuen intereserako eta aunitzen kalterako» dela irizten diote; izan ere, haien irudiko, «hankaz gora» utziko luke hizkuntza, kultura nahiz bizitzeko modua. Gainera, gogorarazi dute galdeketetan herritarrek «ezezko borobila» eman diotela proiektuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.