Bildu eta Aralar-NaBai talde parlamentarioek larritzat jo dute Cintruenigoko Otero de Navascues ikastetxe publikoan gertaturikoa. Bertan, 500 bat umek Guardia Zibilaren bisita izan zuten. Koalizioak salatu duenez, haurrei armekin jolasten utzi zieten.
Horren harira, bi taldeek ekinbide bana erregistratu dute Nafarroako Parlamentuan. Batetik, Nafarroako Hezkuntza kontseilari Jose Iribasen agerraldia eskatu dute, argitu dezan departamentuak jarduera horren berri ote zuen, sustatu duen eta beste ikastetxe batzuetan egin den. Iribasi berari eskatu diote balorazio bat egiteko jarduera horrek hezkuntzaren helburuekin bat egiten duen, eta azaltzeko neurririk hartuko duen ikastetxe gehiagotan gisa horretako jardurerak ez egiteko.
Bestetik, adierazpen instituzional bat eztabaidagai izango dute astelehenean. Bilduk eta Aralar-NaBaik Nafarroako Parlamentuari eskatuko diote "ikastetxeetan indar armatuen presentzia" errefusatzeko eta eskoletan armak erakustea eta ikasleei arma horiek uztea onartezina dela adierazteko. Halaber, Nafarroako Gobernuari galdegingo diote halakorik berriro ez gertatzeko neurriak har ditzala.