Lekunberriko gizonezko bat bazihoan atzo arratsaldean lasai-lasai han paseoan, Plazaola natur bidean, eta tiroka ari ziren guardia zibilekin egin zuen topo, bide batean. Arratsaldeko seiak ziren, eta plastikozko botila batzuei ari ziren tiro egiten, eta kamerarekin grabatzen. Batzuk guardia zibilez jantzita zeuden, beste batzuk kaleko arropaz.
Gizonezkoak galdetu zien pasa al zezakeen handik, ea berak ere tiroa jasotzeko arriskurik zeukan. Paso eman zioten, eta ondoren berriro botilen kontra tiroka jarraitu zuten.
BERRIAk dakienez, gizonezkoak 112 telefono zenbakira deitu zuen gero, eta zerbitzuak Guardia Zibilarekin jarri zuen. Honek azaldu zion "munizio eta arma berriak frogatzen" aritu zirela poliziak Plazaola bidean.