atxiloketak

Guardia Zibilak dio lehergaiak eta armak aurkitu dituela Donostiako lokal batean

Puio auzoan miaketa bat egin du arratsaldean, herenegungo operazioarekin lotuta. Xabier Atristain atxilotua bertara eraman dute, Madrildik helikopteroz ekarrita.

2010eko urriaren 1a
20:55
Entzun
Guardia Zibilak jakinarazi du Donostiako lokal batean lehergaiak eta armak aurkitu dituela gaur arratsaldean, lokal batean, miaketa eginda. Asteazkeneko operazioarekin lotu du. Puio auzoan egin du miaketa,Katalina Eleizegi kaleko 9. zenbakiko beheko lokal batean.

Herenegun atxilotu zuten lagunetako bat bertara eraman dute bostak aldera, Madrildik helikopteroz ekarri ostean: Xabier Atristain.

Usurbilen atzeman zuten Atristain (39 urte). Villabonan, berriz, Juan Carlos Besance (40 urte) eta Jesus Mari Besance (36 urte) anaiak. Ikerketako iturriek diote ETAren Donostia taldea berriro osatu nahian zebiltzala hirurak, eta 101 kilo lehergai atzeman zizkietela Villabonan, baita 2001ean lapurtutako auto bat ere -Renault 19 markakoa-. Horretaz gain, hamarkada honen hasierako atentatu batzuetan lagundu izana egotzi diete.

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak atzo adierazi zuen ETAk barne mailan "berregituratu" egin nahi duela "geldialdi honetan", eta uste du horren froga Guardia Zibilak Villabonan eta Usurbilen egindako atxiloketak direla. ETAk irailaren 5ean jakinarazi zuen "eraso ekintza armaturik" ez egiteko erabakia hartu zuela duela hilabete batzuk, eta horri deitzen dio 'geldialdia' Rubalcabak.

Atzo gauean eraman zituzten Madrilera, Guardia Zibilaren egoitzara, eta inkomunikatuta dauzkate. Efe berri agentziak dio balitekeela astelehenean eramatea Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.