Ingurumena

Guardia Zibilak Garoñan sartu diren Greenpeaceko ekintzaileak atxilotu ditu

Elkarte ekologistako 60 bat ekintzaile zentral nuklearrera joan dira gaur goizeko seietan, kide batzuek sarrera nagusian "erresistentzia" edukiontzia jarri dute eta beste batzuk kateatu egin dira. Espainiako Gobernuari emandako hitza betetzeko eta zentrala ixteko eskatu diote. Guardia Zibila ordubiak aldera azaldu da.

2008ko azaroaren 20a
18:53
Entzun
Greenpeace elkarte ekologistako 60 bat ekintzaile Garoñako (Burgos, Espainia) zentral nuklearrera joan dira gaur goizeko seietan, eta protesta ekintza egin dute, zentralaren itxiera aldarrikatzeko: haietako hamar batek sarrera nagusian "erresistentzia" edukiontzia jarri dute eta beste batzuk sarrerako atean kateatu egin dira. Guardia Zibilak, baina, haiek atxilotu ditu lauretatik aurrera. Furgonetatan eraman dituzte. Ordubiak aldera azaldu dira poliziak hara.

"Ez dugu Garoña blokatzeko helburua, baizik eta arreta deitzea, modu baketsuan", esan du aurretik Carlos Bravo Greenpeaceko kideak. Antinuklearra naiz eta Garoñaren itxiera berehala leloekin egon dira, eta Espainiako Gobernuari berak emandako hitza betetzeko eta zentrala "berehala" ixteko eskatu diote.

Espainiak erkidego hartan duen ordezkariaren agiria eman die Guardia Zibilak ekintzaileei, protesta legezkoa ez dela esanez. Ekimena uzteko eskatu die lehendabizi, eta identifikatu egin ditu. Gero gertatu dira atxiloketak. Horretarako, kateak eta edukiontzia hautsi behar izan ditu. Ekintzaileek ez diete aurre egin.

Espainiako Estatuko zentralik zaharrena da Garoñakoa -37 urte ditu-, eta hurrengo urteko uztailean dira ixtekoak. Dena dela, Nuclenor enpresak (Endesa %50, Iberdrola %50) Espainiako Gobernuari epea hamar urtez luzatzeko eskatu dio.

"Gobernuak ez du arrazoi ekonomiko, energetiko, ingurumeneko eta sozialik Garoña eta beste zentralak ez ixteko. Eta orain ezin du zalantzekin hasi. Garoña, gainera, zaharkitua dago, amortizatua, eta arriskutsua da", adierazi du Bravok. Nuclenorrek, aldiz, esan du zentralak ez duela arazorik funtzionamenduan.

Zentraleko arduradunek goizean bertan azaldu dute "normaltasunez" ari direla eurak lanean. Bertan sartzeko eta irteteko arazorik ez da egon.

Ekologistak Martxan euskal taldeak txalotu egin du gaurko ekimena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.