Aste honetan Guardia Zibilak Euskal Herrian egindako operazioak aurrera segitu du eta, hala, Nafarroan eta Gipuzkoan sei etxebizitza miatu dituzte gaur goizean. Arratsaldean, berriz, Donostian eta Iruñean bi etxe eta lokal bat.
Espainiako Barne Ministerioak esan du Berriozarren (Nafarroa) hainbat kilo lehergai topatu dituela Guardia Zibilak goizean; 140 kilo izan direla adierazi dute. Detonagailuak eta lehergaia kontserbatu eta garraitzeko materiala atzeman dutela ere jakinarazi dute iturri beraiek.
Berriozarren bi miaketa egin dituzte (horietako bat, Joseba Lerin atxilotutakoaren etxean, baina Askatasunak ohartarazi du hura dagoeneko ez dela han bizi) eta bat Aizarotzen, Barne Ministerioak jakinarazi duenez.
Goizean Gipuzkoan Hernanin bi miaketa egin dituzte eta bat Donostian, Igeldo auzoan. Askatasuna erakundeak esan duenez, herriotan bi lagunen bila joan da Guardia Zibila baina haiek ez zeuden. Igeldon pistola bat topatu dute, polizi iturrien arabera.
Arratsaldean, berriz, Donostian, Antigua auzoan, etxebizitza bat miatu dute, Matia kaleko 21. zenbakian, eta Errotaburu auzoan lokal batera joan dira. Iruñean, San Miguel kaleko 17. zenbakian etxe batean sartu dira, miatzera.
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuaren Barne ministroak esan du aste honetan atxilotu dituztenak "2004 eta 2006. urteen artean ETAk egindako 24 atentaturen atzean" daudela.
Guardia Zibilak zortzi euskal herritar atzeman zituen asteazkenean Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan: Joseba Lerin, Juan Carlos Herrador, Endika Zinkunegi, Lorea Irigoien, Iñigo Orue, Itziar Agirre, Arkaitz Agote eta Julen Larrañaga. Azken hori libre utzi zuten atzo. Besteek polizien esku segitzen dute, inkomunikatuta.
Guardia Zibilak hainbat etxe miatu ditu gaur Gipuzkoan eta Nafarroan
Goizean Berriozarren, Aizarotzen, Hernanin eta Donostian sei etxe miatu dituzte, eta arratsaldean Donostian eta Iruñean bi. Barne Ministerioak esan du Berriozarren hainbat kilo lehergai topatu dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu