atxiloketak

Guardia Zibilak hiru lagun atxilotu ditu Villabonan eta Usurbilen, ETAko kideak direlakoan

Poliziak fitxatu gabeko kideak direla dio Efe berri agentziak ikerketako iturriak aipatuz, eta 100 kilo lehergai eta 2001ean lapurtutako auto bat atzeman dizkietela. Haien arabera, atxilotuetako bat Javier Atristain donostiarra da. Besteak, Villabonako bi anaia: Juan Carlos Besance eta Jesus Mari Besance.

2010eko irailaren 29a
19:06
Entzun
Guardia Zibilak hiru lagun atxilotu ditu gaur goizean Villabonan -bi- eta Usurbilen -bat-, ETAko komando bateko kideak direla egotzita, Efe berri agentziak 10:20etan zabaldu duenez. Poliziak fitxatu gabeko kideak direla dio Efek ikerketako iturriak aipatuz, eta haietako bat Xabier Atristain Gorosabel (Donostia, 39 urte) dela. Haien arabera, Usurbilen atzeman dute Atristain.

Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza-ren webguneak dio Villabonan atxilotutakoak bi anaia direla: Juan Carlos Besance (40 urte) eta Jesus Mari Besance (36 urte).

Ikerketako iturriek esan dute ehunen bat kilo lehergai atzeman dizkietela Villabonan, baita 2001ean lapurtutako auto bat ere -Renault 19 markakoa-. Halaber, iturri haiek diote ETAren Donostia taldea berriro osatu nahian zebiltzala atxilotuak, eta saio hori bertan behera geratu dela gaurko operazioarekin. Atristain jo dute hirukoteko burutzat.

Aurten otsailean, ETAren aurkako operazio baten ostean -Asteasu eta Villabona artean Ibai Beobide ustezko etakidea atzeman zuen Guardia Zibilak-, Atristainek berak etxetik ihes egin zuen, eta martxoan Miarritzeko aireportuko polizia etxean entregatu zuen bere burua. Espainiaratu ostean, Auzitegi Nazionalak apirilean libre utzi zuen.

Villabonan -Oriamendi eta Arroa auzoetan- eta Donostian -San Martin kalean- bi etxe eta garaje bat miatu dituzte. Atristainen Oiartzungo lantokia miatzen ari dira, halaber. Maixabel Arrieta Villabonako alkatea herriko miaketa lekuetara gerturatu da goizean, baina Guardia Zibilak ez dio informaziorik eman. Donostiako miaketan hainbat lagun kalean izan dira torturaren aurkako oihuak eginez.

Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu du operazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.