atxiloketak

Guardia Zibilak hiru lagun atxilotu zituen atzo Donostian

Hiru gazte atxilotu zituen Guardia Zibilak atzo Donostian, astelehenan Jose Anjel Altzugurenen heriotza salatzeko egindako manifestazioaren ostean izan ziren istiluetan parte hartzea leporatuta. Askatasunak baieztatu duenez, atxilotuetako bat Aitor Larreta da, eta beste bat emakumezko adingabe bat izan daiteke. Beste gazte bat ere atxilotu zuten atzo Askatasunak azaldu duenez, baina hura libre utzi ziten gero. Astelehenan Igor Alvarez atxilotu zuen Guardia Zibilak istilu haietan parte hartzea leporatuta, eta atzo Soto del Realen sartu zuten preso. Inkomunikatuta eduki zuten bi egunetan torturatu egin zutela esan zion bere abokatuari.

2005eko azaroaren 3a
17:05
Entzun
19:30ean atxilotu zuten Larreta, lanetik atera zenean. Guardia Zibilak zain zituen. Lanetik atera zenean atxilotu zuten beste gazte bat ere, eta hura libre utzi zuten gero. Askatasunak azaldu duenez, Amara Berriko neska adingabe bat ere atxilotu zuten hainbat iturriren arabera, baina haiek ez dute hori egiaztatzerik lortu.

Alvarez Soto del Realera

Inkomunikatuta egon den hiru egunetan guardia zibilek gogor torturatu dutela kontatu zion atzo Igor Alvarez gazteak bere konfiantzazko abokatuari. Inkomunikatuta deklaratu zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean, eta espetxeratze agindua jaso ondoren hitz egin zuen bere abokatuarekin. Poltsa hamaika bider egin diotela, mehatxatu egin dutela eta etengabe oihuka izan dituela kontatu zion, eta ez diotela lo egiten utzi eta ariketa fisikoak egitera behartu dutela une oro.

Guardia Zibilak astelehenean atxilotu zuen 23 urteko gaztea, eta epaileak Soto del Realen espetxeratzeko agindu zuen atzo. Hiru delitu leporatu dizkio epaileak: legez kanpoko talde bateko kide izatea, desordena publikoak eragitea eta kalteak eragitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.