Gertakaria

Guardia zibilak zirela esan zioten bahitzaileek Getxoko emakumeari

Gaur goizean Burgosko (Gaztela, Espainia) Oña herrian furgoneta batean eskuburdinekin lotuta agertu den Getxoko (Bizkaia) emakumeak agertu duenez, beren burua guardia zibil gisa aurkeztu zuten bi gizonezkok atzeman zuten atzo. Auto batean sarrarazi eta Burgosko Oña herrira eraman zuten, iluntzean auto barruan lotuta uzteko. Berta Tricio Espainiako Gobernuaren Burgosko ordezkariordeak eman ditu azalpen horiek emakumearen deklarazioan oinarrituta. Bahiketa benetakoa denetz argitu gabe dagoela erantsi du Triciok.

2004ko abuztuaren 12a
13:01
Entzun
Olga Novo atzodanik etxetik falta zen Getxoko (Bizkaia) bizilaguna Oñako herritar batek aurkitu du gaur goizean, furgoneta baten barruan, eskuburdinekin lotuta. Osasun egoera onean dago Novo.

Nolanahi ere, gertakarien hark emandako azalpenen berri Berta Tricio Espainiako Gobernuaren Burgosko ordezkariordeak eman du, prentsaurrekoan. Triciok azaldu duenez, bi pertsona urreratu zitzaizkion atzo Novori Getxon, kalean, eta guardia zibilak zirela esan zioten. Zehazki, bere kontrako salaketa bat zegoela eta haiekin joan behar zuela azaldu zioten.

Hala, beste bi lagun zeuden auto batean sartu zen Novo ustezko guardia zibilekin batera, eta Burgosko Oña herrira eraman zuten. Kanpoaldean ibili bide ziren, autoan, batetik bestera, beste bi pertsona agertu ziren arte. Une batean, etxe batera eramango zutela esan zioten, baina, azkenean ez zen halakorik gertatu. Aitzitik, Oña kanpoaldean utzi zuten, furgoneta baten barruan, eskuburdinen bidez bolanteari lotuta, gaur goizean herritar batek aurkitu duen arte.

Triciok adierazi du Guardia Zibila jazotakoa ikertzen ari dela, baita bahiketa benetakoa izan denetz, Gobernuaren ordezkariordeak azaldu duenez, ez baitago argi.

Olgo Novo etxebiizitza salmentan eta auto-garbiketarako garajeen negozian aritzen den Perjeto Blanco enpresaburuaren emaztea da.

Atzo jakin zen ustezko bahiketaren berri, eta zabaldu zenez, 24 orduko epean erreskatea ordaintzeko agindua jaso zuen familiak. Hala ere, Ertzaintzak gezurtatu egin zion 'Berria'-ri informazio hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.