Politika

Guardia Zibilaren arabera, De Juanak idatzi zuen "ziur aski" omenaldiko gutuna

Guardia Zibilak Eloy Velasco epaileari De Juanaren omenaldian irakurri zen gutunaren xehetasunak biltzen dituen txostena bidali dio. Bertan jasotzen denez, "pertsona bakar batek" idatzia izan zen gutuna eta pertsona hori "ziur aski" De juana bera da. Azaroaren 11 baino lehen deklaratzera agertzen ez bada, Velascok bilatze eta atxilotze agindua eman dezake De Juanaren aurka.

2008ko azaroaren 7a
15:45
Entzun
Iñaki de Juana Chaos ETAko preso ohia kartzelatik ateratzean Donostian abuztuaren 2an egin zioten omenaldian irakurri zen gutunaren harira, Guardia Zibilak esan du "aukera asko" daudela De Juana bera izateko gutun horren egilea.

Guardia Zibilak atzo bidali zion Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascori txostena eta bertan baieztatzen du gutuna “pertsona bakar batek idatzia” izan zela eta bere egilea “ziur aski” De Juana bera dela. Gutuna De Juanaren beste idatzi eta artikuluekin alderatuta atera dituzte ondorio horiek.

Eloy Velasco ari da ikertzen ETAko preso ohiari egin zitzaion omenaldian, gutuneko hainbat adierazpenetan,"terrorismoaren gorespen" deliturik egin ote zen. Abuztuan jada gutunaren inguruko txostena galdegin zion Guardia Zibilari. Txosten hori, baina, ez zen erabakigarria izan, eta Guardia Zibilak adituen txostena egingo zuela aurreratu zuen –orain entregatu duena-.

De Juana Irlandan dago azken hilabeteetan, eta hango Kevin R. Winter and Co. abokatu elkargoa izendatu du bere ordezkari.Hain zuzen ere,abokatu horiek orain arte ETAko preso ohiaren kontra egindako jardueren kopia eskatu diote Velasko epaileari, eta horiek aztertu arte De Juanari deklaraziorik ez hartzeko.

De Juana azaroaren 11 baino lehen Auzitegi Nazionalera deklaratzera agertzen ez bada, Velascok bilatze eta atxilotze agindua emango du haren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.