Salaketa

Guardia Zibilaren elkarte nazionalak salaketa jarri dio Arnaldo Otegiri "txakur faxistak" deitzeagatik

Guardia Zibilaren elkarte nazionalak hitzezko salaketa bat jarri dio gaur goizean Arnaldo Otegiri Gasteizko epaitegi batean herenegun Donostian egin zen manifestazioan guardia zibilei "txakur faxistak" deitu zielako. Elkarte horretako bozeramaile Juan Carlos Gabrielek jarri du salaketa, eta egunkarietan kaleratutako hainbat informazio helarazi dizkio epaileari. "Iturgaitz, hemen soberan dauden bakarrak zure txakur faxistak dira, zure guardia zibilak", esaten zuen prentsan kaleratutako idatzi batek.

2003ko abuztuaren 12a
15:46
Entzun
Juan Carlos Gabrielek azaldu duenez, "nazionalista ozpindu, faxista eta xenofobo horiek orain arte berearekin atera dira, nahi dutena esaten aritu dira, eta gainera guk beste masaila jartzen genien".Gabrielek gogoratu duenez, elkarte hau EAEn sortu zen "ez bakarrik guardia zibilen eta euren senitartekoen interesak defendatzeko, baizik eta baita guardia zibilen lagunen interesak defendatzeko, EAEko nazionalista xenofobo horiek alboratu egiten baitituzte".

Horrelako ekintzen aurrean "etengabe borrokan arituko garela" iragarri du Gabrielek, eta "faxista horiek aurrez aurre izango gaituzte" gogoratu, "guardia zibilei, euren senideei edota lagunei eraso egiten dien bakoitzean salaketa bat jarriko baitugu".

"Adibidez, EAE ozpindu horretako arraindegi batean guardia zibilen senide bati azkena artatzeagatik ere salaketa jarriko dugu", nabarmendu du.

Guardia Zibilaren elkarte nazionaleko bozeramaileak dioenez, "ez dugu injustizia bat gehiago onartuko, biktimei zor diegun errespetuagatik eta Euskal Herriaren alde bizia ematen ari diren guztiengatik. Kosta ala kosta, bizia ematen jarraituko dugu".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.