Atxiloketak

Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta jarraitzen dute Barañainen atxilotutako bi gazteek

Luis Goñi eta Xabier Sagardoi atzo atxilotu zituzten. Beste lagun baten bila segitzen dute. Senide eta lagunek haien aldeko manifestaziora deitu dute irailaren 5erako.

2008ko abuztuaren 25a
16:03
Entzun
Atzo Guardia Zibilak Barañainen (Nafarroa) atxilotutako bi gazteak, 24 urteko Luis Goñi eta 22 urteko Xabier Sagardoi, komisarian dira oraindik, inkomunikatuta. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande Marlaskaren aginduz hartu zituzten atxilo, kale erasoekin zerikusia dutelakoan. Segi erakundearen kontrako operazioa ere badela zabaldu dute.

Haiek atxilotzeaz gain, haien etxebizitzak, hiriko taberna bat eta gaztetxea miatu zituzten guardia zibilek, eta hainbat ordenagailu, musika disko eta pegatina eraman zituzten. Lekukoen esanetan, miaketetan "dena hankaz goiti" utzi zuten.

Horrez gain, ondoko hirian, Iruñean, beste gazte baten bila aritu zen Guardia Zibila. Haren etxebizitza miatu zuen, Iturrama auzoan, baina gaztea ez zuten bertan aurkitu, eta haren xerka segitzen dute polizia indarrek.

Manifestazioa, irailaren 5ean

Bi atxilotuen senide, lagun eta bizilagunek gaur prentsaurrekoan iragarri dute heldu den irailaren 5ean haiek askatzeko exijitzeko manifestazioa egingo dutela. Ez dute, halere, ez lekua eta ordua zehaztu. Atxilotuen inkomunikazio egoera salatu dute, eta "tortura arriskua" dutela nabarmendu. Barañaingo Gazte Asanbleak herriko plazan egin nahi zuen prentsaurrekoa, baina salatu dutenez, Espainiako Poliziaren presentziak hori galarazi egin die. Azkenean areto batean eman dute prentsa aitzinekoa.

Iazko uztailaz geroztik hamar dira jada, oraingoarekin, gazte independentisten aurkako polizia operazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.