Politika

Guardia Zibilaren kontrol batean zaplaztekoak eman zizkiotela eta mehatxatu egin zutela salatu du gaztek batek

Ernion mendi buelta egin ondoren Azpeitian (Gipuzkoa) gerarazi zuten uztailaren 15ean, Azkoitira, etxera, zihoala. Salaketa jarri du epaitegian.

2010eko abuztuaren 6a
11:12
Entzun
Joan den uztailaren 15ean Guardia Zibilaren kontrol batena zaplaztekoak, mehatxuak eta galdeketa gogorrak jasan zituela salatu du Asier Mujika gazte azkoitiarrak. Komunikabideetan eta jendaurrean ez ezik, Azpeitiko epaitegian ere salaketa jarri du jasan zuen tratuan gutxienez mehatxu delitua eta lesio falta daudela uste baitu.

Gazteak epaitegian egin duen kontaketaren arabera, uztailaren 15ean Ernion mendi buelta egitea pentsatu zuen eguraldi ona zegoela-eta, eta hala mendira abiatu zen arratsaldeko bostak aldera. Zortziak eta laurden inguruan hartu zuen Erniotik Azkoitirako, etxerako, bidea, Errezildik barrena. Hala, Azpeitiara iristean Guardia Zibilaren kontrol batean gerararazi zuten.

Mujikak agertu duenez, eskatutako agiriak eman zizkien guardia zibilei, eta, halaber, autoko maletategia ireki zien, baina, hala eta guztiz, laguntzarik eman nahi ez izatea leporatzen hasi zitzaizkion, eta guardia zibiletako batek bi zaplazteko eman zizkion besoan. Horregatik kexatu zenean, are eta gogorragoa bihurtu zen tratua, eta mendira begira jarri zuten galdetegi gogor eta nahasgarriak egiten zizkioten bitartean. Salaketan dioenez, familiari buruz, lagunen inguruan, hainbat gauzetaz galdetu zioten, eta, era berean, egiazkoak ez ziren baieztapenak egiten zituzten guardia zibilek -azpeitiarra zela eta Erlotik zetorrela, kasu- bera nahasi nahian. Egoera horrek ordu eta erdi inguru iraun zuen, eta tarte horretan, prakak jaitsiarazi zizkioten, bidezidor batean gora eraman zuten, eta metrailetak kargatu eta deskargatu ibili ziren. Azkenean, alde egiten utzi zioten.

AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jazotakoa salatu du, eta antzerako gertakariak gero eta ugariago direla jakinarazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.