Politika

Guardia Zibilaren kontrolpean aldarrikatu dute autodeterminazioa Altsasun

Ezker abertzaleak egindako deialdia aintzat hartuz, bi mila bat lagunek parte hartu dute Altsasun (Nafarroa) =i Euskal Herriak autodeterminazioa=i lelopean egin den manifestazioan. Guardia Zibilak errepide kontrol zorrotzak jarri ditu herriko sarreretan, eta halaber, hurbiletik kontrolatu ditu manifestariak.

2006ko irailaren 9a
20:09
Entzun
Hasteko ordua 18:30etan bazuen ere, ordu laurden inguruko atzerapenez abiatu da manifestazioa Altsasuko plazatik. Euskal Herriak autodeterminazioa jartzen zuen pankartak ireki du segizioa, eta independentzia aldarrikaten zuten txikiago batzuek eraman dituzte atzetik. Bi mila lagun inguru batu dira, eta haien artean, Batasuneko hainbat buruzagi zeuden: besteak beste, Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Rufi Etxeberria. Nolanahi ere, manifestazioaren gidaritza ez dute eurek hartu, baizik eta jendearen artean joan dira.

Ibilbideko bi lekutan pankarta bana erakutsi dituzte aurpegia zuriz estalita zuten batzuek: indepedentzia aldarrikatzen zuen batek eta Iñaki de Juana presoaren egoera salatzen zuen besteak.

Guardia Zibilak hurbiletik zainduta, baina arazorik gabe egin dute ibilbidea. Hasi bezala plazan amaitu dute manifestazioa, eta Juan Cruz Aldasoro Batasuneko mahaikideak hartu du hitza. Ezker abertzaleak ikasturte politikoa manifestazio horren bidez hasi nahi izan duela agertu du Aldasorok, eta Altsasu aukeratu dutela, "sinbolismo handiko" lekua delako, besteak beste, lurralde batasunari dagokionez. Egitekoei dagokienez, konponbidearen bilaketan engaiatuko direla azaldu du.

Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ekitaldia ez galaraztea erabaki zuen atzo, hiru laguni deklarazioa hartu ostean. Hala ere, Batasunarekin zerikusirik duten ikurrak agertuz edo oihuak eginez gero segituan galarazteko agindu zien segurtasun indarrei. Independentziaren eta presoen aldeko oihuak izan dira nagusi manifestazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.