Fiteron (Nafarroa) egingo duten Guardia Zibilaren kuartel berriak "herritarren segurtasunari ekarpen onuragarria" egingo diolakoan dago Jorge Fernandez Diaz, Espainiako Barne ministroa. "Bai herriko segurtasunari, bai Nafarroakoari". Lehenengo harria jarri dute gaur Fernandez Diazek eta Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak. Ekitaldian izan dira, baita ere, Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidentea, Carmen Alba Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaria eta Patxi Yanguas Fiteroko alkatea.
"Guardia Zibilaren presentzia Fiteroko herritarren betidaniko xedea izan da", adierazi du Fernandez Diazek. Kuartel berrian 15 guardia zibil egongo dira, eta diotenez, 2015eko udaberrirako eraikita egongo da. Barcinaren arabera "oso atsegina" da herritarrek instituzioak babestea. Barne ministroaren antzera, "gaur, azkenean Fitero guztiaren desioa" bete dela uste du Barcinak.
1991az geroztik, ez zegoen guardia zibilen kuartelik herrian. Eta orduko protestak ekarri ditu gogora Fernandez Diazek: "Kuartela deuseztearen aurka agertu ziren orduan herritar ugari, eta orain berriz martxan jartzeak Guardia Zibilaren instituzioekiko konpromisoa erakusten du, herritarrekiko gertutasun eta berehalako arreta. Hori da Guardia Zibilaren izateko arrazoia".