Gaur goizean hasi da Donostiako Lurralde Auzitegian hamabost guardia zibilien aurkako epaiketa, Igor Portu eta Mattin Sarasola ustezko etakideak torturatzea leporatuta, eta poliziek ukatu egin dute torturatu egin zituztela. Hamabi eta erdiak aldera amaitu da gaurko saioa, eta poliziak baino ez dira mintzatu. Portuk eta Sarasolak bihar deklaratuko dute, baita akusazioaren eta defentsaren lekuko batzuek ere. Perituek, etzi. Ostiralean da amaitzekoa epaiketa.
2008ko urtarrilaren 6an atxilotu zituen Guardia Zibilak Portu eta Sarasola, Arrasaten, eta aurrena biharamunean Donostiako erietxera eraman zuten kolpeekin, hiru saihets puskatuta eta birika zulatuta. Guardia zibilek gaurko deklarazioetan adierazi dute "zaintza lanetan" autoan zihoazela "topo" egin zutela bi haiekin eta "normal" identifikatu zituztela. "Nortasun agiriak eskatu ondoren, alde egiten saiatu ziren", esan du polizia batek, eta orduan "Portuk bortizkeria handiz erantzun" zuela. Guardia zibil batek aitortu du honi "zauri txiki bat" eragin ziotela.
Sarasolak ere "jarrera oldarkorra" izan zuen, eta guardia zibilek diote autoan zihoazela ohartu zirela hark "aurpegia gorrituta" zeukala. "Ubeldura" ere atzeman zioten.
Arrasatetik "zuzenean" Intxaurrondo Donostiako kuartelera eraman zituztela azaldu dute guardia zibilek, eta ukatu egin dute, Portuk eta Sarasolak esan izan duten bezala, tartean mendiko pista batera eraman zituztela. Donostiarako bidaian atxilotuak ez zituzten kolpatu, guardia zibilen arabera.
Eskaerak
Defentsak absoluzioa eskatu du hamabost polizientzat eta akusazioak sei urtetik hamazazpi urtera bitarteko zigorrak eskatu ditu, tortura eta lesio delituak egitea egotzita.
Espainiako Estatuak ere abokatuaren bitartez parte hartuko du, baina ez du torturak zigortzeko jarrerarik hartu; aitzitik, guardia zibilak babestu eta akusatu guztiak libre uzteko eskatu du. Epaileak debekatu egin du epaiketako irudiak hartzea.
ETArekin lotura zutelakoan atzeman zituzten Portu eta Sarasola. Donostiako erietxeko mediku txostenaren arabera, Porturen kasuan nabarmenak izan ziren tortura zantzuak. Sarasolak eta Portuk tortura salaketak jarri zituzten.
epaiketa
Guardia zibilek diote Portu eta Sarasolaren zauriak atxiloketa unekoak izan zirela
Gaur hasi da Donostian hamabost guardia zibilen aurkako epaiketa, haiek torturatzea egotzita. Atxiloketaren unean bi lagunek "bortizkeria" erabili zutela esan dute poliziek. Portu biharamunean erietxera eraman zuten kolpeekin, hiru saihets puskatuta eta birika zulatuta. Portu eta Sarasolak bihar deklaratuko dute. Guardia zibilentzat sei urtetik hamazazpira bitarteko zigorrak eskatu ditu akusazioak tortura eta lesio delituengatik; defentsak eta estatuaren abokatuak absoluzioa eskatu dute. BERRIA.INFOk zuzeneko kontaketa egin du auzitegitik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu